Honelakoak ikusteko eta sentitzeko ezintasun honek badu zerikusirik, nire ustez, gure zilborraz harago begiratzeko gaitasun ezarekin, inguruan dagoenari ez begiratzeko jarrerarekin, ingurukoek diotena ez entzutekoarekin. Batzuetan, norbaitekin kalean topo egiten dugunean, une horretan buruan daukan guztia botatzen digu gainera, brast: ez dakit nondik datorrela, hara doala, lan askorekin dabilela, laster oporrak hartuko dituela... gure gain deskargatzen du informazio guztia, zelan gauden asmatzeko saiakerarik egin gabe: gure begiak gaur triste edo alai dauden kontuan hartu gabe. Ez diete pertsonei begiratzen, inguruan dituzten zuhaitzei edo zeruari begiratzen ez dieten bezala.

Horregatik da hain atsegina ezer esan baino lehen, aurrean dutenari atentzioz eta jakinminez begiratzen dioten pertsonak aurkitzea. Hitz egin baino lehen, solaskidea hostotsu edo adar biluzik dagoen ikusten saiatzen direnak, haren begietan zeru urdina edo trumoi hodeiak dauden antzematen saiatzen direnak; egun horretan ezki edo labanda usaina duen igartzeko ahalegina egiten dutenak... Hau da, egun bakoitzean besteon usaina zen den jakiten ahalegintzen diren pertsona ezinbesteko horiek.