Hala ere, zoazen gero erabakiak hartzen diren gune batera, pentsamolde guztietako ordezkariak dauden lekura, zu zeu ere ordezkatua zaren toki horretara, eta aurkez ezazu ekimen bat, anitza den ikuspegia barnebiltzen duena, eta sentituko duzu ustezko aniztasuna jasotzen duen espazio horretako ikuspegi bakoiti bakoitzak nola defendatuko duen bere ikusmoldea eta saiatuko den berea besteen gainetik edo aurretik jartzen, bere indarra erakusten, eta are gehiago, aurkeztutako ekimena ez dela guztiz anitza salatzen, bere leinua behar beste ordezkatua ez duelako sentitzen (hau da, besteen gainetik edo aurretik).

Aniztasunaren kudeaketa ezinbestekoa dela esateak, besteen ikuspegia ere onartzea dakar, besteari (edo besteei ere) beren espazio(txo)a bermatzea, bestearen ekarpena benetan aberasgarri izango den heinean onartzea eta bultzatzea. Aniztasunaren kudeaketaz hitz egitean belarriak prest izan behar dira entzuteko, ahoak elkarrizketarako eta buruak negoziaketarako. Bestela, ez da aniztasuna kudeatzen, baizik eta menpekotasuna indartzen.

Euskara ederra da bere horretan. Hizkuntza bat delako. Gutxitua. Antzinakoa. Herri txiki batekoa. Exotikoa. Eta gutxienez bi herri handiren ondare: Espainiarena eta Frantziarena. Bai batak eta bai besteak ikasi dute esaten, euskara (beste hizkuntza eta kultur adierazpen askoren artean) altxor bat dela. Bakar bakarrik, ez diotela Euskal Herriari utzi nahi munduaren kultur aniztasunari bere ekarpen txiki, exotiko eta gutxitua bezain aberatsa egiten jarrai dezan. Beharbada, ez dira hain txikiak euskararen hegoak, ez eta hain laburrak euskaradunen mingain mehatxatzaileak. Ez eta funtsezkoak diren eskubideen gainean eraikitzen diren ikastoletan erakusten diren balioak kamutsak.

Aniztasuna eta ondarea, artean, ez dira hizkuntza handien hiztegietan behar bezala jasota dauden terminoak.