IRRITAN izan gara Kolonbian, baina ez gaitu herrialdearen ederrak eraman. Bogotako zubipe batean jaiotako neskatxa baten bila joan ginen duela ia hamasei urte, eta alabaren beraren bilaketak eraman gintuen iaz. Non jaio zen ikusi nahi zuen, zein hiritan pasatu zuen bizitzako lehen urtea; nolakoak diren kolonbiarrak, zer sentitu eta arnasten duten. Muisca indigenen jatorrizko Bacatá urrun hartan, jendarte hurbil eta abegitsua aurkitu zuen, erroez harro sentitzeko modukoa. Urtebete geroago, herrikideen minaz negar dagi.

Kolonbia bere buruaz berradiskidetze prozesu etengabean bizi da. Bake-itun batek ez du, besterik gabe, gatazka eta ezinegon oro onbideratzen. Pandemiak are gehiago ahuldu du lehendik ere hainbat arazo zituzten herritarren eguneroko bizitza. Desberdintasun sozialek dute herrialdea laurgitzen, ustelkeriak agintea pozoitzen, nagusikeriak gizarte-kohesioa xehatzen, eta azkenean, berez hain larria ez lirudikeen zerga-erreforma proposamen batek eztandarazi du egoera. Poliziak protesta zilegiei emandako erantzun basak dozenaka hildako, ehunka zauritu eta hainbat desagertutako utzi ditu. Kolonbiak zapart egin du.

Herrialdearen egoera ekonomiko larriak zenbait zerga-aldaketa beharko ditu hain segur, baina Duque presidentearen salmentak ez du pedagogia zipitzik izan. Behin eta berriz ohartarazi die txiroenei: nire erreforma onartzen ez baduzue, gizarte-laguntzarik gabe geratuko zarete. Alegia, ordain ezazu edo ez dizut lagunduko. Ezin argiago agertu du Dayana Méndez Aristizabal legelari kolonbiarrak: "La población colombiana no puede seguir siendo asesinada mientras el mundo cree que Colombia es un remanso democrático que camina hacia la paz."

Bakea, demokrazia, bizikidetza... zenbat kontzeptu ezinbesteko, askatasuna zailtzen edo ukatzen digutenen ahotan hutsalduak.