Z dakit nola azaldu, baina bat-batean hasi naiz Jordaniari buruzko albisteak irensten Aqaba-koa izango banintz bezala. Hasteko, herriaren izen ofiziala, Jordaniako Haxemi Erresuma, ametsak sortzeko egokia da, misteriotsua, haxemi hori zer izango den galde-tzen nion nire buruari wikipedia kontsultatzen nuen bitartean. Petra bertan dago, jakina, eta Gerasa, eta Madaba. Eta, batez ere, eta horregatik agertu berri da egunotan Jordania hedabideetan, jauregi konspirazio bat omen dena argitara eman dute. Jauregi konspirazio bat, aspaldian bezala.

Badirudi Abdala II. erregearen anaiordea, Hamzah bin Hussein, nahasita dagoela atzerriko herrialde bat Jordaniako egonkortasuna apur-tzeko saiakera batean. Atxilotuak badaude, eta hasieran esaten zen Hamzah bin Hussein bere etxetik ezin atera zegoela. Atzerriko herrialde hori Israel izango da, noski, munduko parte hartan betidanik besteak egonkortu edo desengonkor-tzen dabilena. Gauzak korapilatzeko, jakin dut Hamzah bin Hussein izan zela koroaren printze oinordekoa Abdalaren eta Husseinen aitak, Hussein I. erregeak, hala erabakita, baina oraingo erregeak oinordekoa aldatu zuela, anaiordea kendu eta semea jartzeko, Hussein izenekoa ere. Hamzah bin Husseinen bideo bat dago hortik, konspirazioa ukatuz baina ustelkeriaz mintzo, eta amaren, Nur erregina ospetsuaren txio batzuk justiziaz eta egiaz. Azken kapituluan Hamzah Bin Husseinek ohar bat atera du bere leialtasuna (erregeari, printze oinordekoari, konstituzioari, guraso eta aitonei...) aldarrikatzeko. Dena zailagoa egiteko, beduinoak eta errefuxiatu palestinarrak ere kontuan hartu behar direla irakurri dut.

Zer da horren ondoan Harry-Megan afera? Zer, Oprah Winfrey-ren harridura aurpegiak? Zer da horren ondoan Victoria Federica-Felipe Juan Froilán anai-arreben joan-etorriak (esan gabe doa Hamzah bin Hussein, gainera, askozaz ederragoa dela)? Jauregi konspirazio egiazko edo gezurrezko baten ondoan txikikeriak baino ez dira, Shakespearek ere ez zituen kontuan hartuko tragedia bat idazteko, ez dakit ere kulebroitxo bat egiteko iritsiko diren. Ai, Hamzah, kontuz ibili.