Zirrikituetatik begira

Pasaporte berdea

17.03.2021 | 00:47
Pasaporte berdea

TXERTAKETA-pasaportea egongo da, bai, ez izan zalantzarik; eta diskriminatzailea izango da, bai, ahantzi lañokeriak. Jende askok nahi du txertaketa-pasaportea abian jarri lehenbailehen; jendeak agian ez, ados, baina bai enpresa askok eta estatu askok. Ez diote pasaporte izena jarriko, itsusiegia da, aurreko mundu itxi baten oihartzun horiekin, zeharo desegokia Europako Batasunerako, non askotan beste estatu batean zaudela telefono konpainia aldaketak bakarrik gogorarazten baitizu. Baimena deituko diote, edo txartela, edo horrelako eufemismo bat erabiliko da; badirudi, gainera, "berde" adjektiboa jarriko diotela, eta ezaguna da berde den oro ona dela. Beraz, baimen berdea edo txartel berdea izango dugu, izen gatzgabe bat edozertarako balio duena, izan txertaketa-pasaportea, izan Estatu Batuetan bizi eta lan egiteko, izan Japoniako trenbideetan txartel merkeak erosteko. Europako taberna handienak, hau da, hegoaldeko herrialdeek, txartel berdea belauniko ari dira eskatzen. Uste dut alferrikakoa dela estatuek egiten duten eskaera horren kontra agertzea: estatuek edo Europako Batasunak gauza antolatuko ez balute, enpresa pribatuek (hegazkin konpainiek, hotel kate handiek...) egingo bailukete, eta fidagarriagoak iruditzen zaizkit estatuen eskuak enpresa pribatuenak baino.

Txartel berdea diskriminatzailea izango da: txertoa jaso dutenek izango dute, eta jaso ez dutenek, ez. Txartel berdedunak harat-honat ibiliko dira garraio publikoetan; hoteletan, jatetxeetan eta kontzertuetan sartu eta aterako dira. Txartel berdea poltsikoan izatea ala ez izatea arbitrarioa izango da, gainera: txertaketa erritmoaren arabera izango duzu, ala ez, txartel berde madarikatua.

Bitxiak dira afera zuritzen dabiltzanak, txartel berdeaz patxadaz eztabaidatu behar dela esaten dutenak, diskriminazioaz eta osasun publikoaz hitz egiten orduak eta orduak ematen dituztenak. Nik nahiago dut egia gordina entzun: "Txertoa jaso ondoren, jasoko duzu txartel berdea, bitartean itxaron zure txanda hor". Gordina izango da, baina egia da behintzat.

Más información

noticias de deia