Zirrikituetatik begira

Egia-ostea

06.03.2021 | 00:25
Egia-ostea

EGIA-OSTE hitza 2016. urteko hitza aldarrikatu zuen Oxfordeko hiztegiak. Nahiz eta Trump eszenatokitik, baina ez gogotik, joan zaigun, 2016tik gaur arte bere bidea urratu du gero eta eremu gehiago hartuz. Egiaren arlo bezainbat dago egia-ostearen. Aste honetan bertan, ustez, arinenak eta afruxenak ezagutu ditut; Deep Nostalgia da lehena, alegia, antzinako argazkietako pertsonak mugiaraziz sortzen den egia-ostea; argazki erreala eta fikzioaren arteko mugak hausten ditu ikus-efektu horrek, beste errealitate bat sortuz. Berdintsu gertatzen da Welcome to Chechenia dokumentalean, zeinetan bertako gay eta lesbianen bizi baldintza latzak azaltzen baitira, erabiltzen dutenarekin; protagonistei errealak ematen duten beste aurpegi batzuk sortu zaizkie, errepresiotik babestea asmo zintzoa zio.

Beste egia bat egia juridikoa da, eta, noski, egia-oste juridikoa. Konfirmatu du denok genekiena Biden-administrazioak: Mohammed bin Salmanek agindu zuen Jamal Khashoggiren hilketa, baina ez dute Saudi Arabiarreko printzearen gaineko bilaketa agindurik eskatuko, eta, jakina, ez dute epaituko. Beraz, denok egia dakigun delitu bat ez da delitu, ondorioz ezarritako egia, ez da egia.

Niretako egia ez da tradizio kristauko egia, hondoren batean ezkutaturik dagoen zerbait baizik eta gizarte osoaren hartueman, diskutso eta praktiken bidez lortzen den halako kontsentsu bat. Horregatik harritu nau inork egia-ostetzat joko ez lukeen berriak: Al Jazeera Media Network taldeak Rightly hedabide digitala sortu du AEBtan "zentro-eskuineko" ideologia duten herritarrentzat"(Berria 2021-03-03).

Gizartearen zati politiko batentzat hedabide bat sortzeak adierazten du egiaren kontsentsua hautsita egia-ostearen garaietan bizi garela eta horrekin moldatzen ikasi behar dela onartu dela. Egia-ostea jada ez da borrokatu beharreko zerbait. Aitzitik norberaren etekinaren alde erabili behar den zirkunstantzia da. Eguraldiaren moduko zerbait. Baina jakin dezagun horrek oso zaila egiten duela sistema demokratiko bat, are errealitatea bera. Mundua, ezagutzen genuen bezala, akaban-tzan da. Zer esanik ez demokrazia.

Más información