ADIRUDI aurkitu dituztela Sirian, Palmiratik hamar kilometrora, Khaloul izeneko tokian, Khaled Al-Asaad arkeologoaren gorpuzkiak; hiru lagunenak agertu dira zehazki, eta uste da haietako batenak Al-Asaadenak izan daitezkeela, DNA probak egin behar dituzte oraindik.

Estatu Islamikoak moztu zion lepoa Al-Asaadi 2015eko abuztuaren 18an, 83 urte zituela, Palmira zaharraren ondo-ondoan dagoen Tadmur hiri modernoan. Hilabete zeraman atxiloturik, torturaturik, Estatu Islamikoak jakin nahi baitzuen non zeuden ezkutatuta Tadmur-Palmirako museotik arkeologoak eta laguntzaileek, islamikoen suntsiketaren beldur, ateratako gauzaki eta, batez ere, estatuak. Laguntzaile gehienek, baita semeak ere, alde egin zuten Estatu Islamikokoak iritsi baino lehen, baina Al-Asaadek, bertan jaio eta bizitza osoa Palmirari eman ondoren, uko egin zion ihesari. Hil eta gero (batzuentzat heriotza ez da aski), buruz behera zintzilikatu zuten, hasieran hiri berrian eta geroago zaharrean; gorpuari atxikitako paper batean krimen zerrenda zetorren: apostata, idolatriaren zuzendaria, Iran heretikoa bisitatu, fedegabeen batzarretan parte hartu. Estatu Islamikoarenak gauzak apurtzen ibili ziren gune arkeologikoan, estatuak, nola ez.

Argazki ezagunenean Khaled Al-Asaad makurturik agertzen da Palmirako sarkofago baten alboan, irribarretsu, eskua figura baten sorbalda gainean. Izan ere, berrogei urtez, 2003an erretiroa hartu zuen arte, lan egin zuen indusketa, zaharberritze eta gainerakoetan; arameraz ere hitz egiten zuen, ziur aski Palmira zahar hartan gehien erabilitako hizkuntza, eta itzulpenetan ere ibili zen. Erroma berari aurre egin zion Zenobia erregina ospetsuarekin batera Khaled Al-Asaad jarri behar dugu Palmirako historian.

Esango dute batzuek estatuak baino lehenago pertsonak babestu behar direla, beste jende asko hil dutela Siriako gerra zibilean eta abar karrankari hori. Kaveh Akbar poetak idatzi zuen Palmira izeneko poemarekin erantzungo diet: "Hil zaretenik, edonon dago heriotza". Khaled Al-Asaad hil zutenean, Italiako museoek haga erdian jarri zuten bandera. (Beste arrazoi bat Italiako museoak bisitatu eta maitatzeko). Khaled izenak zera esan nahi du arabieraz: bukaerarik ez duena, betierekoa, hilezina.