ZKENA, oraingoz, apezpiku bat izan da. Oraingoz. Agian hau idazten ari naizen bitartean agertu da besteren bat: beste apezpiku bat edo graduazio handiko militar bat edo goi karguren bat edo alkate bat edo ospitale publiko bateko beste zuzendari pare bat. Makina bat dira txandaren zain egon beharrean aurrea hartu dutenak txertoa hartzeko, "hondarrak" aprobetxatzeko, antza. EAEn bi: José Luis Sabas, Santa Marina ospitaleko burua, eta Eduardo Maiz, Basurtukoa. Oraingoz. Sabas harro agertu da egunkari batean, lotsagabe deitzen diotelako minduta, arduren baloiari goranzko ostikada emanez. Ikerketa egingo dela adierazi du Osasun sailburuak; ahalik eta lasterren egingo beharko dute, susmoa orokorra eta orokortua delako.

Askok txertoen inguruko aferan kostunbrismoa baino ez dute ikusten, maltzur edo azeri batzuen barrabaskeria, betikoaren errepikapena. Garran-tzia kentzen diote horrela, nahi gabe beharbada. Niretzat Erkoreka jaunak hainbeste maite duen "antisozial" hitza da Sabas, Maiz eta abarrei dagokien izenondorik zuzenena. Ez al da horiena osasun publikoaren aurkako delitu larria? Ez al dute ondasun publikoak erabili haien probetxurako? Orain iruzurtiek txertoaren bigarren dosia hartu behar duten ala ez eztabaidatzen ari da. Badirudi gehienek bigarren dosiaren txertatzearen aldekoak direla. Ez dut nik hain iritzi garbirik: azken finean, bigarren dosiarekin hasierako helburu tranpatia lortuko luketalako; etxera joango dira, bai, baina ondo txertaturik. Deitu lerdo, baina emadazu txerto.

Barkatu, gauza larriegia da errimak asmatzen hasteko. Galderak bata bestearen gainera meta-tzen dira. Nolako plangintza dauka Osakidetzak txertaketarako? Ez al dute kalkulatzen dosi kopurua edo txertatu beharreko jende kopurua? Ez al dute zerrendarik egiten? Ez al dago zerrenda horren ordezkorik? "Hondarrak" aprobetxatzeko hortik pasatzen den lehenari jartzen diote txertoa? Kasualitatez, beti dira zuzendariak, inoiz ez garbitzaileak. Gutxiegi aipatu da, baina iruzur honi, gainera, klasismoaren usain sarkorra dario hasieratik. Lotsagabekeria eta klasismoa.