Zirrikituetatik begira

Bizi osoa eta egun bat

17.01.2021 | 01:00
Bizi osoa eta egun bat

Herenegun honako hau idatzi zuen @txerren-ek Twitterren: "Nire ustez Turkmenistan eta Lezo ez dira existitzen." Ez dakit turkmenistandarrik ba ote duen jarraitzaileen artean, lezoarren bat bai segurutik. Baliteke haietakoren batek, irony mood aktibatu gabe duenen batek, txioari iraingarri iriztea. Izan ere, gizakiontzat norberaren ohea da munduaren erdigune, nonahi egonik eta nolanahikoa izanik ere.

Txerrenentzat Lezo bezain ikusezina izango da milaka euskal herritarrentzat Aizarnazabal. Ia sekula albistegietan aipatzen ez den herrixka denon ahotan dabil azken egunotan. Ez, gainera, zio bakarragatik. Bi aferak eraman dute aktualitatearen lerroburuetara: COVID-19aren intzidentzia-tasa neurrigabeak eta Aintzane Pujana neska gaztearen hilketak. Herria hesitu eta herritarren erdiak konfinatzera behartu dituen egoera baino egun batzuk lehenago, urtats biharamunean, herriko landetxe batean bizi ziren neska-mutil batzuek beraiek baino zaharxeagoko neska bat hil bide zuten labankadaka. Eztabaida zakar baten osteko eroaldian, antza, ez aurrez halako asmorik zutelako. Baina hil.

Ertzaintzak hilketa osteko ibilerak arakatu ditu. Gorpua erreka bazterrean utzi ondoren, ustezko hiltzaileek arrasto oro ezabatzeko ahaleginak egin zituzten. Beren aurkako susmo guztiak saihestu nahi-eta, Tolosaraino joan ziren lixiba erostera. Ez dut haien itolarria irudikatu beharrik autoa eta gela garbitzen zituzten bitartean. Ez dut irudikatu beharrik, bart horrekin egin baitut amets. Lehen pertsonan bizi izan dut hiltzaileen herioa. Amesgaizto batek gaiztaginen larruan sarrarazi nau. Esnatu naizenean Aintzanerenean sartu naiz, haren senitartekoenean. Ezeren errurik gabe, errudunena baino kondena petral eta luzeagoa ezarri diete. Bizi osoa eta egun bat.

Más información

noticias de deia