Zirrikituetatik begira

Elurra

11.01.2021 | 01:10
Elurra

Kostaldekook ere elurra nahi genuen, bai larunbat arratsaldean eta bai igande goizean. Baina berun koloreko zeruari ia-ia erregutzera heldu arren, ez zen hala izan. Telebistako albistegian ere halaxe aurpegiratu ziguten: gogoak hartuta gelditu ginela. Txantxa bezala edo xalotasunez botatako esaldiak zerbait mugitu zuen, ordea, nire barrenean.

Esaldiak banatu egiten zituen biztanleak, elurraz gozatu ahal izan zutenak batetik, eta gozatzerik izan ez zutenak, bestetik. Esan dezagun, kostaldekoak batetik, eta gainontzekoak, bestetik; hondartzaz gogoratu zirenak eta mendira joan zirenak. Telebistarako egindako korte gehientsuenetan, kostaldekoek jakitera ematen zuten hondartza zurituta ikusi nahi zutela. Ez zuten inolako mendirik, zelairik, lorategirik, plazarik edo teilaturik aipatzen, hondartza baizik.

Gaztetxoak ginenean eta kostaldean elurrik egiten ez zuenean, "barrualdera" joaten ginen, gure kasuan Berriatuara, Ondarroatik 4,5 kilometrora dagoen auzo herrira, hango zelaietan ibiltzera, bertako baserritarren haserrerako. Guretzat Berriatua "barrualdea" zen dagoeneko. Itsasorik ez duen oro da "barrualdea" kostaldeko batentzako. Eta, egiari zor, mundua bitan banatzen dela iruditzen zaio. Itsasoari begira bizi direnak eta gainontzekoak, alegia. Itsasoari begiratzen diotenek eguna lau alditan banatzen dute, marearen arabera. Eta eguraldiaren aldaketak ere marearen arabera nozitzen dituzte. Baita umore edo aldartearen muda ere, eta aisialdirako orduez modu ezberdinean gozatu dezakete, hondartza aldera joan ahal badute edo ez, itsasoak olatuak oparitzen dituen ala ez.

Amonari entzuna nion esaten itsasertzeko jendea eskuzabalagoa eta bizizaleagoa dela barrualdekoa baino, itsasoak erraz ematen eta erraz kentzen dakielako eta, beraz, itsasertzekoak bizitzari egunean egunekoa eskatzen diolako, itsasoak eraman aurreko azken eguna balitz bezala bizitzen saiatuz.

Elurrik ezean ere, itsasertzekook hondartzara hurbildu gara egunotan, kresalak gure baitan bizten duen berezko grinaz elikatzera.