ABONAK, familiak, otoruntzak, une efimeroak baina espezialak. Txikiak ginelarik zein bereziak ziren Gabonak! Zaharrek hala diote: Gabonak umeentzat dira. Zahardadean memoriaren kontu asko metatzen dira egun horietan eta batzuk oso tristeak dira. Pentsa dezagun ohiko tristezia horri gaixotasun globalak ekarritakoa gehitzen badiogu!

Eta aurtengo Gabonak berdin ospatuko ditugu? Bada, argi eta garbi esan behar dugu: ez.

Pandemiak estutu egiten gaitu, larritu egiten gaitu, eta Gabonak kaleetako argiztapen xelebreetan, bertako jendearen joan-etorri masifikatuetan, eta dendetako erosketa konpultsiboetan ikusten baditugu ere, aurten, beste berniz batekin margoztu dizkigute, eta ez dira betikoak izango.

Olentzero eta Mari Domingi ikusteko hitzordua ere eskatu behar da (batzuetan egingo zaizkien galderei modu telematikoan erantzungo diete); baina sarrera guztiak agortu dira, eta horixe egingo dute umeek, ikusi, distantziak gordeta eta musukoa ondo jarrita. Izan ere, Olentzero kalejirarik edo Errege desfilerik ez baita antolatuko jende-metaketak ekiditeko.

Beste aldetik, Gabon Zahar eguneko parranda horiek (gero eta gutxiago gustatzen zaizkit, eta urrunetik ikusten ditut sasi-orgia haiek) debekaturik egongo dira. Dena den, batzuek lagun koadrilak elkartzeko ahaleginak egingo dituzte alokaturiko pisuetan, edota kanpinetan, eta ilunaz baliatuko dira festaren kontrabandoa egiteko. Baina hori guztia zorrotz aztertuko du Eusko Jaurlaritzak, gobernuak gogortu baititu egun berezi horietarako neurriak. Ordutegiak ezarri ditu eta hortik kanpo nekez egin ahalko da beste ezer. Eskerrak oraindik probintzia barruan mugitzea librea den, noiz arte ez dakigun arren.

Askatasunik gabeko Gabonak ditugu aurtengoak, eta agian horixe da modu estoikoan pairatzen dugun gaiztakeriarik larriena, ezin inora joan, ezin amestu. Gabonetako izpiritu hori ere, umeak gineneko hura ere aurten erabat mozorroturik egongo da. Urtea laster amaituko da eta beste berri bati ekingo diogu. Izan dadila energiaz eta baikortasunez beterik.