Z dago gerra txikirik. Bizitza, arreba, besoa, etxea, adiskidea, bikotekidea, hanka, seme-alaba, begia edo osasuna gerra batean galdu duenari ez zaio inoiz irudituko gerra hori txikia denik, txikia izan denik. Besteontzat, gerra txiki/ez-txiki horietatik urrun (gutxi gorabehera urrun) gaudenontzat, ezeroso dira, batez ere. Gehienetan nahiago dugu gauza gehiegirik ez jakin, bakezaletasun lainotsuan babesten ditugu geure buruak, egoera tamalgarri haiek deitoratu eta nagikeriaz begiratzen ditugu mapetan edo egunkarietan non dauden leku arriskutsu eta basatik haiek. Gerra ez deitzeagatik gatazka hitza erabiltzen dugu, gauzak leundu nahian agian, guk ere gure gatazkak izan genituela gogoratuz, edo ez.

Azken asteotan gerra txiki berri (ez hain berri) ba-tzuk agertu zaizkigu: Armeniaren eta Azerbaijanen artekoa Artsakh-eko Errepublikan (Karabakh Garaia ere deitua, Iraneko mugan bertan). Armeniaren aldekoa naiz. Bertan egon nintzen, bertako jendea ezagutu, bertako ardoa edan. Ez dira behar bezalako arrazoiak, badakit, Sobietar Batasunak marraztu zituen mugak gogoratuko beharko nituzke, Azerbaijanek petrolioa duela eta Armenia pobreagoa dela, nondik doan oliobidea, Errusia Armeniaren aliatua dela eta Turkia Azerbaijanena, baina petrolioa dagoela tartean, Iran hortxe bertan dagoela. Dena konplikatuegia, ziur aski. Baina bizitza, edo etxea, galdu duen jendea badago, errefuxiatu berriak, hala moduzko bake ituna.

Beste gerra txiki berri (ez hain berri) horietako bat Mendebaldeko Saharakoa da. Gureagoa da. Saharako jendea ikusten dugu kaleetan eta eskoletan (ez eskola guztietan); dirua biltzen da errefuxiatuen kanpamentuetarako; legebiltzarkideak hara doaz. Marokok operazio militarrak burutu ditu Gergeraten, Mauritaniaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko mugan. Gerra txiki lokartua esnatzear dago.

Zutabe hau prestatzen ari nintzen bitartean, beste gerra txiki bat piztu berri dela jakin dut: Etiopiako iparraldean, Tigray izeneko eskualdean. Hildakoak eta errefuxiatuak berriro ere. Han. Urrun. Ez hain urrun.