Zirrikituetatik begira

Hizkuntzez

21.11.2020 | 01:06
Hizkuntzez

USTE dut hobe dela hizkuntza bakarrean idaztea norberaren kulturaren mesedetan ezen ez hizkuntza iristezin batean, hedadura gutxikoan. Zer irabazten dute katalanek katalanez idatziz? Zer irabazten dute euskaldunek beren hizkuntzan idatziz? Kultura katalana gazteleraz idazten duten bere idazleen bidez da ezaguna. Portugesek ere irabazi egingo lukete gazteleraz idatzita". Gure Unamunok esana. Baieztapen horiekordea, Unamunok ez ikusia egin, baina bera baino handiago baten arrapostua izan zuten: "Unamunoren argumentua benetan ingelesez idazteko argumentua da, hori baita munduan hizkuntzarik hedatuena. Portugesez idazteari uko egingo banio irakurle urriagatik, hizkuntzarik hedatuenean idatziko nuke. Zergatik idatzi beharko nuke gazteleraz? Zuk ni uler nazazun? Gehiegi eskatzea da horren gutxiren truke". Fernando Pessoa.

Ez dago esan beharrik etorkizunak nor egin duen unibertsalago, (ingelesaren unibertsaltasunaren zilegitasuna zalantzan jartzen hasi beharko genuke noizbait), gure Unamuno ia Espainiako gazteleraren eremuan geratu baita.

Gazteleradun elebakarrak, ni ere gazteleraduna naiz, iltzatuta darama bere baitan hizkuntzarik handienean ari delako ustea, eta uste horrek gainontzeko hizkuntzak zapaltzera eramaten du. Segur aski inperioaren garaian sortzen hasi zen ideologia da, gero, Frankismoan hizkuntzen harremanekiko ardatz ideologiko bilakatu zena.

Hautsak harrotu dira aste honetan Celaá legea dela eta. Kongresuan ikusi den espektakulua itzela izan da, PPko eta Voxeko parlamentariak "Libertad!, Libertad!" garrasika. Eta hortik aurrerako komentarioak negargarriak dira. Askotan irudi-tzen zait euskaldunon arazoa dela Espainiako eremuan gure hizkuntzaren ezaugarriak, kultura eta literatura ez hedatu izana, gu ere nolabait aurreko erregimenaren eskema ideologikoaren preso garela oraindik; baina horrelakoak ikusita, ordea, argi dago gure hizkuntza eta literaturaren apologia, jatorra, egitera aterako bagina, desertuarekin egingo genukeela topo. Galeusca indartsu bat beharko genuke Unamuno guztiak isilarazteko. Gehiegi eskatzen dute, horren gutxiren truke.

Más información