EGIRATU zeruari, Bilboko kaleetan barna paseo lasaian edota korrika bizian zabiltzatela, hartu lipar txiki bat eta begiratu zeruari, keinu hori modu librean egin dezakezue, pandemiak ez dizue hori debekatzen. Begiratu goi-sabaia horri, arratsaldero kolore arrosaz tindatzen den horri, eguzkiaren lehen printzekin urdinxkaz bernizatzen den horri.

Espazio handienei eta zeruari begiratu ahal diegu, neurrigabetasun horretan ameslari jarrai-tzeko, hau baino utopia hobeago batean sinisteko, eta bertako bizilagunekin bidaia harrigarriak burutu ahal izateko.

Urriaren azken egunetan eta azaroaren lehen hauetan milaka eta milaka txori ari dira migrazioan. Sen atabikoak gidaturiko bidaia ezinezkoari ekiten diote modu obsesiboan, hegoaldean bizirauteko beharrezkoak diren hornidurak eta maitasun berriak topatuko dituztelakoan. Haiek zeruan gora dabiltza, behera begiratu gabe, gutaz oroitu gabe; gure bizimodu eta arazoez ezjakinak dira, zorionez! Ez dakite, hemen, inframundu honetan, pandemia batek gero eta estuago zedarrituta daukala gure askatasuna, gero eta isilago bizi ari garela, gero eta geurekoiago bilakatzen ari garela, gero eta ilunago bihurtzen ari dela egunerokoa.

Ez dakite, haiek maite duten natura geuk ez errespetatzeagatik ordainsari altua pagatzen ari garela. Haiei, egia esan, bost axola gizakiaren penak! Haiek, marra luze hipotetiko bat pintatzen dute espazioan eta horri men egingo diote, harik eta deseaturiko tokietara heltzen diren arte. Eta marra horren barruan, udazkeneroko barruko ahots batek gidaturik, ehunka kurrilo saldo ari dira Euskal Herria zeharkatzen. Beratik, Miarritzetik, Nafarroatik, Lindux lepotik saldo handi iskanbilatsuak entzuten dira iparraldeko hotzetik iheska. Milaka antzara ere, zeru urdinetan V edo U letrak idazten, edota batzuetan L luzeak marratzen, hodeiertzeko linea hura geroz eta gertuago dutelarik.

Afrika dute helburu, gero eta deshumanizatuago bilakatu den Afrika berbera. Afrikara bidean doaz, beste batzuk kontrako bidaia desesperagarria hartzen duten bitartean.