ZAROAK ez du ospe onik ipar hemisferioan, baina poeta gutxi batzuek azaroari, laudorioa ez bada, gogoeta eskaini diote behintzat. "Beti iruditu zait azaroa dela urteko Norvegia" idatzi zuen Emily Dickinson-ek herio-tzak eta gaixotasunak aletzen zituen gutun batean. Garai hartan Norvegia ez zen gaurko herri hotz, urrun eta aberats hori, herri hotz, urrun eta pobrea baizik, eta ezaguna da hotza hotzagoa dela pobrezian, gaixotasuna (baita covid bera ere) pobreentzat gaixotasunagoa den bezala. Emily Dickinsonek azaro ilunari poema oso bat idatzi zion; honela bukatzen da: "Emadazu, Jauna, gogo eguzkitsua / zure nahi haizetsua jasateko".

Badirudi 2020ko azaroa are ilunagoa eta haize-tsuagoa izango dela; martxoa bezalakoa, esaten dute askok. Martxoak, baina, berritasuna zekarren (gure lehen itxialdia), eta udaberria edo itxaropen moduko bat. Aurtengo azaroak bigarren itxialdia ekarriko omen digu (desberdina, bai, arinagoa, esaten digute, baina itxialdia) eta ezagutzak berez duen malenkonia. Orain badakigu bigarren itxialdia eta bigarren olatua baldin baditugu, hirugarrenak eta laugarrenak ere etor daitezkeela, zoritxarrez (albistegi batean entzun dut Iranen hirugarrena dutela).

Pentsamendu ilun horietan murgilduta egon naiz egunotan, eta, bat-batean, twitterren kuxkuxka, jakin dut hilabete hau dela NNN, hots, Not Nut November, hots, Masturbaziorik Gabeko Azaroa, abstinentzia sexualaren inguruko erronka interneten. Barre egin dut sinesgogor. Badirudi gauza txantxa bezala sortu zela, baina jende asko ergelkeria galantena, txantxa barregarriena, ezdeusik ezdeusena serio hartzeko prest dagoenez, gero eta jarraitzaile gehiago du mugimendu edo dena delako horrek. Azaro gaixoa!

Etsipenari eutsiz, azaroaren aldeko poema bat idazten saiatzen ari naiz gogo eguzkitsuz beterik, Emily Dickinsonek zeruari eskatu zion bezala; horretarako gogoa hego hemisferiora joan zait, Argentinara edo Zelanda Berrira (ai, zelandaberritarra izango banintz!), han azaroa gure maiatza bezalakoa izango da, itxialdia bukatuta eta hori guztia. Une batez ahantzi dut niri azaroa gustatzen zaidala.