BEHIN baino gehiagotan aitatu dut hemen Euskal Gatazkaren bukaera Hego Afrikako Apartheidaren bukaeraren antzeko irudikatu nuela, alegia, gizartearen egunerokoan puri-purian izango zen fenomeno sozial moduan: epaiketa publikoak, telebista programak, egunkarietako lehen orrialdeak, eguneroko eztabaida soziala, eztabaida publikoa. Alegia, gizarte osoa hartuko zuen garbitze eta arazte prozesua, aurretik zehazturiko epe batean itxiko litzatekeena.

Baina ez, Gure Gauza deitu izan dugun prozesu politikoaren bukaera baldarra izan izana 2008ko krisiari egotzi diot berradiskidetzearen antzezpena, dolu guztiak behar dute antzezpena, egiteko beharrezko dirua eta arreta bertara bideratu baitziren. Baina egun nago ez zela horregatik izan, edo ez zela bakarrik horregatik izan , borondate faltagatik izan zela; Espainiako Gobernuak Ezker Abertzalea ben-tzutu eta terroristen taldean sarturik zertan adiskidetzerik ez zuelako ikusten. Eta Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, ez du borondaterik izan gizarte guztia hartuko zuen adiskidetzea antzezteko. Eta zergatik ez esan, gizartea aspaldi ari ginen ahaztu nahian, eta krisiaren ardaila aitzakia ederra izan zen. Dani Alvarezek Radio Euskadin jasotako lekukotza ikaragarriak, Julen Mendoza buru, Errenteriako Udalak egindako ahalegin eskerga, Errenteria bakarrik hartu zuena, eta ETBn emandako lau dokumentalek niri labur gelditu zaizkit. Eta iruditzen zait gizartean itxitzat jotzen dela Euskal Gatazka Espainiako Guda Zibila itxitzat jo zen bezala. Ustel gainea.

Psikologiaren legeetako bat zera da: trauma konpongabea mamu moduan itzultzen da. Gizartea sorgintzera. Igor Gonzalez Solaren heriotza halaxe islatzen da: urrutiko errealitate batetik jauzi egiten digun itzal baten moduan zeinak gogoratzen baitigu gatazka ez dagoela konponduta. Eta konponduta ez dagoenez, itzuli eta itzuli arituko da noizean behin, preso bat hiltzen den aldiro, esaterako. EAJk ez du haien aldeko zigorrak arintzeko neurri berezirik planteatzeko ausardiarik izan; Ezker Abertzaleak indar nahikorik ez izateaz gain, ez daki zer egin bere iraganarekin; PSEk uste du ez dela haien arazoa; Podemos-Ahal dugu-ri ere ausardia faltatu izan zaio. Ad eternum ustel gainean.