LACKLives Matter mugimendua George Floyden hilketagatik hasi da berriz indartzen, pertsona beltzen kontrako indarkeria salatzeko eta azaleratzeko ahaleginetan antzinatik aritu bada ere. Gogoratuko dituzue irudi lazgarri haiek (gaur egun irudiek duten pisua izugarria da), polizia batek hanka lepoan jarrita itoaraziz, hildakoak I can´t breathe zioen bitartean.

Bada, berriz gertatu da AEBtan, poliziak beste gazte bat hil du inpunitate osoz. Arrazakeriak eztanda egin du paraje haietan. Mutila bizikletan omen zihoan, eta poliziarengandik ihes egiten saiatu omen zen. Kontua da gazte beltzak 20 tiro baino gehiago jaso zituela. 20 tiro! Ez ote da beldurgarria?

Laranja koloreko azala duen bertako presidenteak, egunero janzten duen xenofobia eta faxismoaren trajearekin, egoera nahasgarria baliatu nahi izan du hauteskundeetako emaitzak hobetzeko xedez, eta ahoan bilorik ez duenez, poliziaren indarkeria salatzen ari direnentzat perla ederrak bota ditu, terrorista domestikoak edota jendaila gaiztoa direla esanez. Ele horiek beren munta izango dute botoak lortzekotan, eta akuilua izango dira zoro askoren-tzat, baina harrigarria da maila exkaxeko pertsona horrek AEBetako lidergoa izatea. Erabat harrigarria!

Bitartean, gure ingurura etorrita, eta esaldi hauek idazten ari naizen bitartean, Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista epaitzen ari dira, gizateriaren aurkako krimenak leporaturik.

Bere kargu ilunean izan zen garaian ia ehun pertsona izan ziren erailak. Horren ostean eta balizko trantsizioak bultzaturik isiltasuna zabaldu zen, baina hainbat elkartek justizia aldarrikatu dute. Bitartean, Espainiako Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Zapatero eta Mariano Rajoy presidente ohiek babesa erakutsi diote Villari injerentzia lotsagarriz, epaiketa bera ere oztopatu nahian.

Ardurenean, ultraeskuinak beti erabiltzen du modus operandi bera. Dena faltsutu egiten du behin eta berriz, Joseph Goebbelsek esan omen zuen esaldia aplikatuz: mila bider esandako gezur bat egia bilakatuko da. Baina, badakizue, gezurrak buztana labur.