Bada AEBtako izpiritua biltzen duen kanta bat: Inmigrant´s Eyes. Bertan Guy Clark country kantariak aitonaren begiak sinekdoketzat hartuta inmigranteek Ameriketara ailegatzean izan zitzaketen sentimenduak biltzen ditu: Europako pobreziatik ihesi, Ellis irlan bilduak izan ondoren, "ganadoa bezala" tratatuak izatea; partekatzen zuten ametsa izatea elkarren euskarri bakarra; bizimodu hobe baten promesa; ezer gabe hasi beharra eta bizitza osoa lan eta lan aritu beharra; bilobak, orain, kantan ari dela, aitonaren begietara so eginik, hori dena ikusten du, eta eskerrak ematen dizkio "nazio horren erregalia emateagatik" eta "gauzak aintzat ez hartzeko" aholkuagatik.

Abestiak hunkitu egiten nau, gehiegi, eta horrelakoetan nire baitan hasten naiz dudan sentimenduaz susmatzen: zergatik?

Harrigarria da zeinen ongi jasotzen duen AEBak emigrante herria izatearen muina, baina, ez zaio bururatzen Guy Clarki emigranteak biztanleak zituen lurralde batera ailegatu zirela (irakurri ditut kontinente huts batera ailegatu zirela defendatzen duten analisiak), eta bertako biztanleak ziren haiekin gertatutako sarraskiaren arrastorik ere ez dela igartzen kantan? Inmigrantearen begietan, urdinak segur aski, islatzen den sufrimenduan ez dago bertako biztanleen sufrimenduaren arrastorik ez eta, demagun, esklabutzan ekarri zituzten Afrikako beltzen arrastorik. Missourin Black Lives Matter-ren manifestazio bat etxe aurretik pasatzen ari zitzaielako arma eskuetan atera ziren bikotea konbidatu dute partidu Errepublikanoen Konbentziora. "Promesen Lurraldea" izenburua jarri diote konbentzioari. Kantak eta Konbetzioak, ba ote dute zerikusirik elkarrekin?