Niri oso deigarria iruditu zait beti usaimen eta dastamenaren kontu hori. Hau da, lurrinak eta zaporeak ondo analizatzen eta deskribatzen ez badituzu€..adi! Kontua da niri aspaldian operazio kirurgiko bat egin zidatela sudurraren labirinto horren barruan, eta harrezkeroztik, egia esan, fragantzia eta zaporeen sailkatze hori gero eta zailagoa gertatzen zait. Usain asko, zorionez edota zoritxarrez, ez ditut antzematen, eta zaporeekin, antzerako. Ez dut gaitasun hori erabat galdu baina zati batean bai, behintzat.

Bada niri gertatzen zaidana, badirudi munduari ere gertatzen zaiola: ez du ondo usaintzen.

Hau da, gure planeta lurrin anabasa baten jabe da, batez ere munduko oihan handien eraginez. Gaur egun nozitzen ari garen alarma klimatikoak eta mundu bazterretan gertatzen diren sute eta gas kaltegarrien isurketak planetak duen berezko usain hori aldatzen ari dira. Basoak sortzen dituen osagai kimiko beharrezkoak gizakiaren jarduera krudelak ere aldaraziko ditu, agian betiko.

Gure planetak milioika eta milioika urte behar izan ditu dugun dibertsitate ikaragarri hori sortu, biziarazi eta elikatzeko, eta orain, gizakiak sinplifikatuko du hori guztia, munduko lurrinak desagerraraziz.

Ondo usaintzen ez baduzue, klima aldaketa anker eta bortitzarengatik izango da, eta ez birus madarikatuarengatik..