Harritzekoa da Espainiako errege horrekin gerta-tzen ari dena. Bere populuak hamarkadatan ohore egin badiote ere, bera korrupto amorratu ibili da bizitzan zehar, diru meta eleganteak bilduz eta izkutatuz, beste batzuk oparituz eta han-hemenka ondasun garestiak lortuz. Orain indarrean segitzen duen monarkia horrek bere sona eta izena galdu ditu erabat, eta barregarri gelditu da Europa osoan. Sekulako eskandalua da, delinkuente gisan aritu da, eta tipoak isil-isilean ospa egin du paradisu horietariko batera, "Espainiari azken zerbitzua" eskaintzeko. Hipokresia hutsa da dena, noraezean dabilen monarkia hori usteldurik dago, eta iraganeko sunda dario. Estatu horretako nagusiak bertako herriaren dignitatea antzarak ferratzera bidali du modu lotsagarrian. Askok esaten dutenez, deskalabrua, inpunitatea eta korrupzioa desagertu behar dira behingoz. Agian, Espainia oso aurreratua denez, bada garaia monarkia horri buruzko hauteskunde demokratiko batzuk deitzeko, ezta? Dudatan nago alde edo kontra aterako ote zen. Benetan.

Beste albiste batek asko goibeldu ninduen. Covid-19 birusak sortu duenaz aparte, hor kanpoan dagoen munduak bere errutina du, eta birak ematen jarraitzen du indiferentziaz. Buelta horietariko batean natura izan da berriz kaltetuena, modu tragikoan. Indiako Ozeanoan gertatu da triskantza larria, eta mundu modernoaren ikono bat izan da erruduna: petrolioa. Maurizio uhartean gertatu da drama hori. Ontzi japoniar batek azpia jo du eta erregai tona mordoa itsasoan askatu ditu.

Aste honetan ikusi ditudan irudietan ehunka litro petroliok estaltzen zuen kostaldea. Bertako ur garden urdina, belzturik zen osorik. Ez dago atzera bueltarik, bertako herritarrek marea beltza geldiarazteko senperrenak egin dituzten arren, ekosistemaren hondamena laster izango da erabatekoa.

Birusak berriz protagonismo handiagoa hartu nahi duen garaian, harridurak, amorruak, eta penak ez dira ostendu..