78ko erregimenaren hobe beharrez emeritoaren ustelkeria isilarazi zuten kazetari horiek bazuten eta badute eskubiderik gainontzekooi etika-ikasgairik emateko altura moralik? Errespetatzen ditudan kazetarien gainean ari naiz: Iñaki Gabilondo, Enric Juliana, Jon Sistiaga; eta errespetatzen ez ditudanen gainean baita ere: Jose Antonio Zarzalejos, Luis Maria Anson, Juan Luis Cebrian, Xavier Vidal Fox, Maria Teresa Campos, Carlos Herrera, Luis del Olmo eta abarrez; Demokraziaren Pilare izandako horien guztien gainean.

Ez da kazetarien lehengo zeregina egia azalaraztea? Susmatzen baldin bazuten, zergatik ez zuten ikertu?; jakin baldin bazekiten, zergatik isildu dira? Izango dira hogei urte entzuna naizela nerau estatuan sar-tzen zen petrolio kupel bakoitzeko dolar bat eskura-tzen zuela "tokiz aldatuak". Erregearen abdikazioa eta kazetari belaunaldi aldaketa gertatu behar izan du "denek zekiten" ustelkeria azalarazteko; eta orain sinetsarazi nahi zaigu, aita-semeak ez dutela ezer ikusteko elkarrekin, eta monarkia ez dela afera pertsonala baizik eta instituzionala.

Kazetaria horiei galdetuko bagenie beren ustez hutsik egin ote duten, ezetz erantzungo ligukete, haiek ongi egin dutela bere kazetaria lana, Watergate azaleratu zuten kazetarien pareko direla beren zurruntasun prefesional eta zuhurtzia pertsonalean.

Ez hori bakarrik, erret-etxea ikertzen saiatu diren kazetarien zigor eta akusazioen aurrean ez dute elkartasun apurrenik ere agertu gehienek, galdetu bestela Xabier Sanchez Erauskin, Pepe Rei edo Josetxu Rodriguezi. Ez omen dute ustelkeria salatu Espainiako historia bortitza ez errepikatzeko beldurrez, erregea zalantzan jartzean kostata lortutako demokrazia arriskuan jar zitekeelakoan. Eskerrak eman beharrean gaude, beraz, horiei, laugarren botereari.