Pentsamendu ilun horietan galdurik nenbilen Corina Larsenena irakurri bitartean: Espainiako errege zaharrak 65 milioi euro eman ziola, oparitu, ez dirua ezkutatzeko, edo mugimendu beltzak zuritzeko, ez, amodioa eta esker ona erakusteko baizik. Ai, nolakoa izango da amodioa (edo desamodioa, berdin dio) 65 milioi eurorekin? Irakurri nuen albisteak bazekarren ere errege zaharrak beste amorante bati, Marta Gayá katalanari, diru multzo beretik 2 milioi euro eman ziola, arrazoi bereberagatik, suposatzen dut. Konparazioak gorrotagarriak izan daitezke, baina beharbada milioitxo horiek beste milioi askoren azken aleak dira, eta errege zaharraren bihozñoan Martak Corinnak baino leku gehiago bete du, batek daki. Badirudi diruaren jatorria Saudi Arabian dagoela ("erregeen arteko ohitura arruntak", Corinnaren hitzetan), eta diruaren kolorea hain zen beltza, non Suitzako banku diskretuek ere ez zutela negozioa garbi ikusten. Baina horretarako daude Panamako off shore sozietateak eta asmakizun horiek, amodiozko harremanak baino korapila-tsuagoak.

"Amodioa eta dirua horrela nahastea, ze gustu txarra duen Arregi jaunak", pentsatzeko tentazioa izango du irakurleren batek. Utzidazue liburu bat gomendatzen hau guztia nik baino hobe azalduko dizuena: €R0$. La superproducción de los afectos, Eloy Fernández Porta, Anagrama, 2010. Amodioaren ideia modernoa ulertzeko kapitalismoa da bide zuzenena. Hasierako esaera zahar hura xaloegia da, azken buruan, amodioa eta sosak ez dira inoiz gaur egun bezain lotuta egon.