Hizketaldi on batek zerikusi handia du aurrean duzun pertsonak gauzak esateko duen gaitasunarekin, baina, batez ere, entzuteko duen ahalmenarekin. Elkarrizketa on bat ez da zure publikoaren aurreko bakarrizketa bat. Solasaldi on batean zure hitzak hazi egiten dira, aberastu, aurrean duzun pertsonak aurretik esan berri dizunari esker. Izan ere, solaskide handiek askotan gauza magiko bat lortzen dute: beraiekin hitz bitartean esaten ditugun gauzak ere interesgarri bihurtzea. Eskutik helduta eramaten zaituztelako leku iradokitzaileetara edo eztabaidaezinak iruditzen zitzaizkizun gauzak zalan-tzan jartzen dituztelako. Elkarrizketa on batek zure abiapuntutik aldentzen zaitu pixka bat, eta mundua beste talaia batetik ikustera eramaten zaitu. Berbaldi on bat ez dira hitzak edo adimena bakarrik, sentimendua ere badira. "Hitzekin hitz egiten didazu eta nik sentimenduekin begiratzen dizut", esaten zion Anna Karina aktoreak Jean Paul Belmondori Jean-Luc Godarden "Pierrot, zoroa" filmean. Belmondok erantzuten zion: "Ezinezkoa da zurekin hitz egitea. Ez duzu ideiarik. Sentimenduak bakarrik ". Eta Karinak: "Sentimenduetan ideiak daude".

Elkarrizketa on bat gauza askoren nahasketa da. Serafino Bandiniren esaldi batek honela laburtzen du solasaldi on baten edertasuna: "Edertasuna ordubetez hitz egin ondoren lehen baino askoz ederragoa bihurtzen den pertsona bat da".