Filosofo laguntzaileetako bat Daniel Ininerarity izan da. Ziurtasunen garaietatik arriskuen kudeaketaren garaietara igarotzen ari garela, eta arriskuen kudeaketa zuhurra egiteko denok interkonektatuta gaudela onartu beharra dugula dio filosofo nafarrak. Yuval Harari filosofo israeldarrak, ildo beretik, dio pandemiak zirt ala zart erabaki beharrean jarri gaituela: elkarrekin goaz ala banandurik. Alegia, pagaburuak bilatuko ditugu ala gure gizarteetan aniztasunaz gain berdintasuna bermatzen hasi beharko dugu.

Bi filosofo gogoeten bi adibide jarri dizkigu pandemiak aurre-aurrean. Lehenengoa Seuleko IItaewon gay auzoan gertatu da. Mutil gazte gay bat diskoteka eta tabernetara atera da ireki dituzten lehen gauean. Gerora positibo eman du, eta gobernuak berarekin kontaktua izan duten 1500dik gora lagun bilatzen ari da analisiak egiteko. Kontua da Hego Korean homofobia ikaragarria dela, eta autoritateek lanak dituztela jende hori testak egitera joan dadin konbentzitzeko, jende horrek beldurra baitu birusa izanez gero gaytzat identifika dezaten. Homofobiak, jakina, gora egin du, homosexualak jo baitira azken birus aldi honen errudun.

Bigarrengoa: Singapurren non pandemia erabat kontrolaturik zegoen atzeko atetik lehertu zaie birusaren beste oldarraldia. Pilaturik bizi diren langile inmigranteengan, zeinak, nola ez, bizi baldin-tza eta soldata miserableen truke mantentzen baitute Singapur garbi, moderno eta aurreratu, hedatu da birusa, gizarte osoa berriz ere arriskuan jarririk.

Denak ala inor ez, bakarka ezin da, dio kantak. Mundua bat da, eta birusak frogatu du salbatuko bagara, (% 1 aberatsenen artean ez gaudenok behintzat), elkarrekin salbatuko garela; (ez bagara salbatzen oso mundu itsusia geldituko zaio salbatuko den %1 horri). Zirt ala zart. Bakarka ezin da.