Astearte honetan goizean, lehen San Inazioko merkatuak hartzen zuen gunean kokatuta dagoen Bilbao Musika Eskolak instalazio berriaren ateak ireki egin ditu, eta bertan izan da Bilboko alkate Juan Mari Aburto.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Itziar Urtasun Kulturako zinegotzi-ondokoa eta Bilbao Musikaren Zuzendaritza Kontseiluko lehendakaria; Ana Madariaga Bilbao Musikako Gerentea; eta Iñigo Eskubi Eskolako zuzendaria lagun zituela, alkateak harro adierazi du "musikak etxe berria duela Bilbon". Azpimarratu duenez, "hiri batek egin dezakeen inbertsiorik onenetakoa dela pentsatzen dugu: musikaren, kulturaren, hezkuntza publikoaren eta etorkizunaren alde egitea".
Espazioa musika-irakaskuntzarako propio sortua da. 21 gela balioaniztun, grabazio gela profesionala, bi bulego, komunak, biltegiak eta irisgarritasun osoa bermatzen duen sarrera ditu. Igogailua ere badu, goiko solairuan dagoen San Inazioko Udaltegira sartzea errazten duena. Gaur egun 625 ikasle daude matrikulatuta espazio honetan, baina prest dago etorkizun hurbilean 800 pertsona hartzeko.
Hezkuntza hobekuntzak eta aukera berriak
Orain arte, Bilbao Musika Eskolak Urian zehar banatutako lehen hezkuntzako ikastetxe batzuetan garatzen zuen bere egitekoaren zati bat. Aldaketa honek, La Galera betiko egoitzaren jarduerari eustearekin batera, aukera eman du ordutegia, eskaintza eta hezkuntza-zerbitzuak zabaltzeko. Honela ikasgai berriak gehitu dira, hala nola dantza, perkusioa, bateria edo konboak, garraiatzen eta ikastetxeetan instalatzen zailak ziren tamaina handiko tresnak edota berariazko ezaugarriak behar zituztenak.
Instalazio berriek dantzarako, haize instrumentuentzako, kanturako, konboetarako, perkusiorako eta musika-hizkuntzarako areto bereziak dituzte, bestelako gela balioaniztunen artean, eta horrek formakuntza osoagoa eta espezialitate bakoitzera egokitua bermatzen du. Baliabide horiei guztiei esker, eskolan bertan diseinatutako proiektuetan lan egin ahal izango da (musikalak, operak, kontzertu didaktikoak, etab.). Era berean, irakaslegoak baldintza erosoagoetan eta egokiagoetan egin ahal izango du beren lana, eta horrek kalitate handiagoko irakaskuntza ekarriko du.
Gaur egun, Bilbao Musika Eskolako hezkuntza-komunitateak 1.700 pertsonatik gora ditu, eta hazten jarraitzen du adin guztietako herritarrei zuzendutako hainbat ekimeni esker. Ekipamendu berri honek aukera horiek guztiak ahalbidetzen eta indartzen ditu, hala nola "Helduentzako musika-kultura" irakasgaia; Bilbao Musika Orkestra Sinfonikoaren sorrera —eta ondorioz, tresna sinfonikoetan (txirula, oboea, tronpa, tronboia, tronpeta, biola, biolina, biolontxeloa…) izandako eskariaren gorakada—; Kantu moderno eta lirikoaren hezkuntza-eskaintzaren handitzea; eta hainbat tailer eta formakuntza-ikastaro berrien antolaketa. Eraikin berri honekin, Bilbao Musikak musika-irakaskuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, hiriko eragile kultural eta sozial gisa.
Eraikin irisgarria, integratzailea eta etorkizunera begira dagoena
Obra honekin 1.250 m²ko espazioa egokitu da Bilbao Musikako formakuntza eta irakaskuntza jarduerarako. Leku horretan San Inazio-Ibarrekolandako Udal Merkatua zegoen aurretik, baina azken urteetan erabilerarik gabe zegoen. Hobekuntza honek balioa eta erabilera berria eman dio, eskolako erabiltzaileek aspalditik eskatzen zuten moduan.
Lehenengo fasean lokala osorik hustu zen, hormigoizko eraikuntza-egitura soilik mantenduz. Bigarren fasean, barne-banaketa berria egin zen, 21 ikasgela, 2 bulego, biltegiak, komunak eta atezaintza bat sortzeko beharrei erantzunez.
Eraikinak lurpeko berogailu sistema, argiztapen berria, ‘zubi akustikoak’ saihesteko aire berritze sistema eta akustika babesteko ate bereziak ditu, baita ixteko mekanismo fonikoa duten ateak eta gela intsonorizatuak ere. Sarrerako atondoak, zero kotara egokitua egoteaz gain, irisgarritasun osoa bermatzen duen igogailu berria instalatu da, goiko solairuan dagoen San Inazioko Udaltegira sartzea ahalbidetuz. Guztira 2.752.000 euroko inbertsioa egin da (BEZa barne).
"Instalazio horiekin, irakaskuntzaren kalitatea hobetzen dugu, plazen kopurua handitzen dugu eta gure irakasleei baldintza hobeak eskaintzen dizkiegu. Baina, batez ere, musika ikasteko gogoa duen haur bat, gazte bat edo heldu bat bere aukerarik gabe geratuko ez dela bermatzen dugu.”, nabarmendu du Alkateak.
Era berean, kokapen berria ere abantaila handia da: metro geltoki batetik hurbil dago, Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioaren, Dantzertiren (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola) eta Musika Batxilergoa eskaintzen duen San Inazioko Institutuaren ondoan. Horrek errazten du musika eta arte eskolen arteko elkarlana eta lotura.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">