Udalerriko airearen kutsadura modu pasiboan gutxitzeko, Ermuko Udalak indarrak batu ditu Izarra Fundazioarekin proiektu pilotu bat martxan jartzeko. Ekimen hori udalerriko bide-sareak konektatzeko puntu neuralgikoa den Kaltxango biribilgunean jarriko da martxan.

Proiektuaren helburua puntu horretako airearen kalitatea hobetzea eta ibilgailuen zirkulazioari lotutako kutsatzaileak murriztea da. Kaltxango zonaldeko barandek kutsadura gutxitzeko panel bereziak dituzte duela egun batzuetatik. Material nano egituratuak erabiltzen dituzten panelak dira, hirian dauden gas-kutsatzaileen kontzentrazioa etengabe murriztea ahalbidetzen dutenak. Deskontaminazio-panelak % 100 birziklatutako plastikoz fabrikatuta daude, eta eguzki-erradiazioaren bidez, airean dauden nitrogeno oxidoak (NOx) eta konposatu organiko hegazkorrak (KOH) bezalako gas kutsatzaileak murrizten dituzte, argazki-geruza katalitiko batez estalita daudelako.

‘Made in Ermua’ teknologia berritzaile eta iraunkorra

'Euria Tech' enpresak garatutako prozesu foto katalitikoa eguzki-argiarekin aktibatzen da, eta kutsatzaile atmosferikoen %30 neutralizatzen laguntzen du. Panelek ez dute energia-kontsumorik; ez eta mantentze-lanik behar; horien iraunkortasuna handia da, hezetasunaren eta erradiazio ultramorearen efektuak jasateko prestatuta daudelako.

Ekimena tokiko 'Euria Tech' enpresak garatu du, soluzio foto katalitiko jasangarrietan espezializatua eta material birziklatuetatik gainazal deskontaminatzaileak fabrikatzea ahalbidetzen duen patente propio baten titularra. Euria Techek eguzki-argia eta material birziklatuak erabiltzen ditu hiri-atmosfera garbiagoak bermatzeko. Teknologia hori erregistratuta eta industrian babestuta dago, gainera, dagozkion ISO ziurtagiri guztiak ditu.

Kaltxango biribilgunea pilotua izango da material hori eta bere teknologia erabiltzen, udalerriko beste leku batzuetara ere zabal daitekeelarik ebaluatu ondoren.