Zirrikituetatik begira

Gazteak

11.05.2020 | 00:11
Gazteak

gAZTEAK gara gazte" kantatzen gogora-tzen ditut gurasoak. Astean zehar gogotik lan egiten zuten eta, asteburuan, bileretara joaten ziren, herriko kultura-elkarteei laguntzera, edota ikastolaren aldeko tabernan laguntzera. Bazuten zer egitekorik. Baina bazuten lana, bazuten etxea eta sortua zuten familia. Bideratuta euren bizitza. Ez arantzarik gabe baina, etorkizuna, lan egiteko ahalmenaren menpe iragartzen zuten. Eta modu berean lan egiten erakutsi ziguten.

Pandemiaren aldi honetan askotarikoak dira jota geldituko direnak eta horien artean, gaurko lerrootarako ekarri nahi nituzkeenak: gazteak. Azken 12 urte hauetan bigarren krisi sakona pariatuko dute ikasketak burutu dituzten edota beren lanbideetan nolabaiteko egonkortasuna lortzen ari ziren gazteek. Biztanlego osoari begira ez dira, urritik ere, gehiengoa. Baina, ezbairik gabe, etorkizuna dira. Kontua da, zer nolako oraina bizitzen ari diren geroko etorkizunean emaitzak eskatuko zaizkien gazte horiek. Aurten beren ikasketak burutu dituzten gazteek, praktikarik egiteko aukerarik gabe, gradu bukaerako proiektua hala-hola aurkeztuta, lan-merkaturik gabe aurkituko direnek€ noiz izango dute lan duin bat aurkitzeko aukera? Noiz gurasoen etxetik ateratzeko aukera? Noiz seme-alabak izateko nahiari erantzuteko aldartea? Bestetik, azken urte hauetan soldata irrigarrien menpe lanpostuei eusten aritu diren gazte horiek, lanik gabe geratu direnak, sortu berri zuten enpresari eutsi ezinik, partekatuta daukaten pisua ezin ordainduta, noiz ikusiko dituzte euren buruak egonkortuta? Noiz eta nola sentituko dute gizarte honek kontuan izan dituztela?

Bihar edo etzi emaitzak eskatuko zaizkie eta, bihar, konpromisoa. Nola sentituko dute konpromisoa, nola arituko dira konpromisoz, beraiekikorik nozitzen ez badute?

"Gazteak gara gazte" kantatuz beharko genituzke gazteak, euren bizitzen jaun eta jabe. Bizitza proiektu batekin. Horretarako, bidea erraztu behar zaie. Horretarako, lehen mailako helburuko publikoa direla sinetsi behar dugu, urgentziaz, pandemia honen ostean.

noticias de deia