ROIPEN gozoak ditut, zinez, Aberri Egunarenak. Zitalkeria bat dirudien arren, ilegalak izan zirenenak batik pat. Iruñea, Gasteiz eta Donostiakoak gorenean, borroka osoan egoteaz gain antolakuntzan ere esku-hartze xume bat izateko aukera eman zidatelako. Ipuinaren kategorian, Errioxako Haro-n lo egin ondoren handik honantza Gasteizera etortzea zazpi mototan edota Nafarroako hiriburura bi autobuskada abiatu herritik besperan eta grisak ostatua eman zigutenekoa. Egiari zor ez dut gogoratzen non lo egiteko asmoa genuen gau hartan, gehienok atxilotu eta igande eguerdian kalera bota gintuztelako, juxtu manifarako orduan. Oroipen tristexeagoa Gernika eta Bergarara joaten ez zidatela utzi, izan ere mukizu edo umemoko bat besterik ez nintzelako orduan.

Ilegalak aipatu ditut arestian, askoz ere izenlagun galantagoa merezi izan zuten arren 1960 eta 70ko hamarkadetan egin ziren haiek. Aurtengoari inork 'Komunitatearena' edo 'Bateratasunarena' deitu badio, hor esan ditudanak marka horiek bete betean zituzten edo, gutxienik, aurten bateratu nahi dituzten denak kabitzen ziren, gehi betidanik Egun horren sortzaile eta eragile izan den EAJ, noski. Abertzale sentitzen zirenen eta etzirenen sailkapen, ia natural, bakarra zegoen. Marra honetara iritsiz, lehen españolista eta orain Konstituziozale deitzen direnen artean kokatzen diren alderdiei berriro azaldu nahi nizkiete abertzale hitzaren adiera; aberri edo herrizale ez baldin badira, ez ba dute maite, ea nondik hartu behar duten EH-ren gidaritza. Beste hainbeste, abertzale adjektiboa eurentzak esklusiban hartzen dutenentzat.

Hereneguneko Egunak izan zuen oinarri sendo bezain bateragarria ia bi hilabetez latz erasotzen gaitun covid-19ak hil dituenen oroimenez emandako minutu bateko isilunea eta, bestalde, inora joan edota ahalegin berezirik egin beharrik ez zenez, inoiz baino jende kopuru handiagoak ospatuko genuela Egun handi hori. Ea etxe barruan hainbat egunez egoteak bateratasunera garama-tzan, gauza horietarako behintzat.