Aipatu ditugun aldaketa horiek guztiak eta aipatu gabe gelditu direnak ere, modu inpertsonalean izendatzen ditugu: egingo dira, gertatuko da, beharko dute€ gure esku hartzea ezinezkoa balitz bezala.

Bihar, herritar asko eta asko lanera bueltatuko dira/gara. Eta bai politikariak eta bai herritarrak ere, krisiari aurre egiteko neurriak pentsatzen hasi beharko dugu jada, eta lehen pertsonan.

Erakunde publikoek hasiak beharko lukete, jada, etorkizuna irudikatzen eta herritarrok ere, herri elkartasuna aktibatuta, ahalegin berezia egin beharko dugu baliabide publiko horiei lehentasunak finkatzeko eta hartuko diren erabakiei bultzada emateko.

Krisiak kolpatutako sektore guztietatik, ordea, eman diezaiogun kulturari dagokiona baino gehiago. Herri bat ezerk edo neork aktibatzen badu, izateko eta amets egiteko nahia eta ahalmena baitira, kulturak, bere adierazpen askotarikoen bidez, egiten duena.

Kultura, konfinamenduan, ez da asperduratik ateratzen gaituen denbora-pasarako tresna majikoa. Sortzaileak ez dira gu asperduratik atera tzeko etxeetan sartzen zaizkigun titiriteroak. Eta konfinamendua ez da beraiek hobeto lan egin dezaketen garaia. Inork ez du lau hormen artean lan egin nahi. Sortzaileak, gainontzekook bezala, herritarrak dira, beren lana behar den bezala egin ezin duten langileak. Alde bakarra da, beraiek, giza izaera duintzeko eta bizitzari zen tzua emateko lan egiten dutela. Batez ere, gero ere izango den herriari balio propioa emateko, alegia.