Zirrikituetatik begira

Gerorako apunteak

04.04.2020 | 00:14

AUTONOMIAK hutsaren hurrengo dira Espainiako Erresuman, beraz, autonomiaren eta subiranotasunaren arteko nahasketa, ore ezinezkoa da. Estatua oso egitate garrantzi-tsua da, eta hortzak erakusten ari da krisi honetan (hala ere, egin dakioke aurre pandemia global bati estatuaren mentalitate eta neurrietatik?). Europa kaka-zaharra da, ikusteke dago kaka-zaharra izaten segituko duen (koronabonorik ezean, gorpu?). Noraino eragin du europarron hasierako birusarekiko neurri hartze epelak nagusikeriak eta birusa txino-tzat jotzeak? (Ideia hau kolonialismoarekin harremandu daiteke). Salbuespen egoera honek demokraziaren hondoratzea ekarriko du; errepararazi lehendik ere salbuespen egoera batetik gatozela, munduan eta Espainian: Moxal legea, esaterako. Armadaren jokamoldea aztertu: zer egiten dute militarrek Espainiako gobernuaren prentsaurrekoetan; zentzu horretan arakatu hizkuntza belikoaren erabilera prentsaurreko horietan eta hedabideetan; are gehiago, etxean geratzeagatik jendearen heroikotasuna azpimarratzea ez da hizkuntza belikoaren aldagaia?; ez zen nahikoa gure hiritar arduratsu izateari dei eginik? Heroi=hizkera sentimentalegia. Urkullu normaltasunerako lehendakaria da; hortik irtenda, errobot bat ematen du. Confebaskeko Zubiarre presidentearen hitzak berriz entzun: nondik atera dute gizon hori? "Modernitate aurreratuan, aberastasunaren sortzea, arriskuen gehitzearekin bat doa" (Ulrik Beck, La sociedad del riesgo). Errepasatu zera dioen artikulua: Txinako ganadu industrian abereek dituzten baldintza ikaragarri txarrak Covid-19 bezalako birusak gizakiotara jauzi egiten laguntzen dute (zentzu horretan, zer gertatuko zen koronabirusak zaharrak hil beharrean, gazteak hil balitu? Eta bakarrik aberatsei eraso izan balie?). Gogoratu: Israeleko estatuak bereganatu egin du Gazako palestinarrei NBEk emandako osasun materiala. Bizia erdian jarri behar da, bai, baina nola egiten da hori? Egun hauetan erruz erabiltzen ari garen teknologia, enpresa pribatuena da. Geokokapena jakinaraziko diote telefonia enpresek Madrilgo gobernuari: ez omen dira "gizabanakoen mugimenduak antzemango". Ez dugu esan diguten bezain osasun sistema ona (murrizketak).

Más información

noticias de deia