Zirrikituetatik begira

Historia kontrafaktuala

28.03.2020 | 00:26

ZER gertatuko zen hori ez balitz gertatu? Horixe erantzun nahi izaten dute batzuek nahiz eta gehienek galdera hori egiteak gehienek ez jo Historiatzat, bai, ordea literaturatzat, ukronia esaten zaiona, alegia. Irudika dezagun hemendik 40 urteko historialari bat, matxura klimatikoak munduaren hondamendia eragin ez duela baldintza, hori bai. Begi aurrean ditu gertatutakoak: Covid-19aren ezaugarriak, kutsakortasuna, izurritearen nazioz nazioko hedapena, hartutako bakartze neurriak, jarritako isunak, hildako kopurua, beren arraza, adina, sexua, klase soziala, jatorri geografikoa; aurrean ditu BPGaren beherakadaren grafikoak, Per Capita errentaren amiltzea, enpleguaren jaitsiera bat-batekoa, estatuaren zorpetzen aldiz handitua, populazioaren pobretze ikaragarria, aberatsen aberaste ikaragarriagoa; demokraziaren mehetze moduan uler daitezkeen salbuespeneko neurriak, diktadura batean nola; aurrean ditu, halaber, gertatutakoaren interpretazioak, ez horren zientifikoak: hizkuntza belizistaren gorakada populazioaren artean; istilu sozialena, eguneroko bizimoduan hedatu zen izpiritu tragiko eta, aldi berean, carpe diemtarra; bere garaiaren sakoneko ezaugarrien oinarria krisi horren kudeaketan paratu nahi duen ikerketa beharbada ez oso ortodoxoa; kontrakoa dioena, alegia, hondamendia lehenagotik hasia zelakoa; gizartea, ekonomia eta mundu ikuskera eraldatzeko galdutako azken aukera izan zela aztertzen duen nobela. Zer gertatuko zen, ordea, galdetzen dio bere buruari historialariak Covid-19aren pandemia beste modu batez kudeatu izan balitz, demagun, gaixotasuna hedatzen utzi eta ustez ekonomia hondatu zuten bakartze neurriak ez balira hartu? Izurritea azkarrago hedatuko zenez, jende gehiago hilko zen apuntatu du historialariak; berdin pobretuko ziren, ordea, pobreak, berdin irabaziko zuten gehiago aberatsek; istilu sozialen gorakada ez zen beharbada horrenbeste handituko, baina berdin egingo zuen behera BPGak; demokrazia berdin mehetuko zen aurretik baitzetorren demokrazia mehetzeko borondatea; hizkuntza belizistaren ñabardura bat baino ez zen suertatuko gerraz inguratutako munduan. Historia eta historia kontrafaktuala, berdin-berdinak, apuntatuko du gure historialariak.

Más información

Lo último Lo más leído