ZIER irudiko litzaiguke EAEko Hezkuntzaren kudeaketa esku pribatuetan utziko bagenu? Eta, demagun, barne politika, eta ondorioz, ert-zantzaren kudeaketa lehiaketa publiko batean lehenengo gelditutako enpresa baten agintepean utziko bagenu? Eskuak burura eramango genituzke, izan ere, gobernan-tzari dagozkion esparru horiek publikoak izan behar dutela uler-tzen dugu hiritarrok.

Ulertzen genuen esan beharko genuke, beharbada, azken hogei urteetan, EAEn zein Nafarroan publikoaren kudeaketa, eta askotan jabetza, pribatu bilakatu baita, Sandu Zelai eta Errotxapeako babes ofizialeko etxeak edo Zaldibargo zabortegiaren kudeaketa, adibide.

Hezkuntzaren kudeaketa esku pribatuetan uztea ezbidezkotzat jotzen badugu, matxura klimatikoa dagonean egonda, zergatik iruditzen zaigu normala zabortegi baten kudeaketa esku pribatuetan jartzea, jakinik tartean dagoen dirutza itzelak bigarren mailakotzat joko dituela birtziklatzea, segurtasuna eta ekologia?

Zaborra eta bere kudeaketa gai estrategiko bilakatu zaizkigu enpo eginda bizi garen gizarte honetan, eta hiritar gehienok birtziklatzeko orduan txintxo portatzen bagara ere, oso gutxi mintzatzen gara jatorrian hartu beharreko neurriez, paketegintzan, esaterako. Madalena, demagun, triste batzuk jateko beharrezko dira lau plastiko aldi?

Zaborra ekoiztearen jatorrizko arazoari EAJren eta PSEren kudeaketa neoliberala gehitu behar zaio, zeina, behin baino gehiagotan azaldu dut orrialde hauetan, eskuetan lehertu baitzaie gobernuan dauden partiduei (Alhondiga, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeak, Guggenheimeko hezkuntza monitoreak). Zaborra gai politikoa bilakatu zaigu, eta duela urte batzuk Bilduk planteatu bezala, are gai nazionala; eta gai politikoak ezin dira esku pribatuetan utzi, esku pribatuek etekina baitute helburu, eta, bigarren mailako, denon ona.

Hauteskundeak datoz. Behin baino gehiagotan entzungo dugu garapen jasangarria leloa. Bada garapen jasangarririk? Oximoron bat da? Ekoizpena eta kontsumoa martxa honetan mantenduta bada konponbiderik? "Deshazitze" neologismoa hedatu beharra dago.