BANKU batean eserita dauden neska batzuen aurretik pasatu da. Metro gutxira, mutilak daude, beste banku batean. Barreak, banku batetik besterako begiradak eta mugikorrak nagusi. Isabelek pentsatu du bere garaian ez zegoela mugikorrik, baina moldatzen zirela ahal zuten moduan interesatzen zitzaienekin komunika-tzeko. Garai hartan gustuko zuen mutilaren aurretik pasatu behar zuen une izugarri hura gogoratu du. Eta nola bere ibilera, bat-batean, ortopediko bihurtzen zen, oinez ibiltzea ahaztu izan balitzaio bezala: zein doa orain eskuineko oina ala ezkerrekoa?

Gaur egun ere antzeko zerbait gertatzen zaio interesatzen, gustatzen edo axola zaion jendearekin. Bere buruaren jabe ez balitz bezala sentitzen da haien aurrean. Haiengan duen interesak naturaltasunez jokatzea eragotziko balio bezala. Eta aldi berean, erabat arrazionala izatea lortuko ez balu bezala, eta bere sentimenduak erabat kontrolatuko ez balitu bezala. Hori gertatu behar zait ba hain justu gusta-tzen zaidan jendearekin? Zergatik ezin naiz izan axola ez didan jendearekin bezain arrazionala eta lasaia? Isabeli amorru handia ematen dio, eta pentsatu du urte asko pasatu diren arren, nerabe zenean egiten zuen gauza bera egiten jarraitzen duela. Ortopediko bihurtzen da. Bere buruaren kontrola galtzen du.

Pentsamendu hori buruan duela, Isabelek gogora ekarri du bere bizitzako uneren batean antzeko ideia bat azaltzen zuen Alejandra Pizarniken zerbait irakurri zuela, ez du gogoratzen poema bat edo aipu bat zen. Eta bila hasi da. Eta bai, aurkitu du, bere koadernoetako batean. Bere bizitzako uneren batean Pizarniken hitz hauek kopiatu zituen bertan: "Zein erraza den lasai eta objektibo izatea interesatzen ez zaizkidan pertsonekin, haien maitasun edo adiskidetasuna behar ez dudan pertsonekin. Barea naiz orduan, zuhurra, neure buruaren jabe perfektua. Baina interesatzen zaizkidan izaki apurrekin. Hor dago kontu honen absurdua: konbultsio bat naiz".

Haren hitzek beste behin baieztatu diote literaturak neurri handi batean funtzio hori betetzen duela: beste norbaitek gure pentsamenduei hitzak jartzearena, alegia.