ATZOKOA da iraganean errotutako politikak berrestea. Etorkizunera begira jarri gara, jada. Erakunde publikoetatik pribatuetaraino eta baita gobernuak beraiek ere (Espainiakoa barne). Eta, hemen, ez dago atzerapausorik. Etorkizuna dugu kezka. Etorkizuna nola planteatu, nola asmatu, nola komunikatu, nola atxiki. Eta, gaur, jada, politikak ezin dira goitik behera egituratu. Gizarte zibilak badu bere herriarekiko ezagutza mardula eta ezagutza hori probestu behar du erabakiak hartzen dituenak, arestian aipatu etorkizun hori asma-tzeko eta erdiesteko. Etorkizuna prestatzea eta eraikitzea, denoi dagokigu. Etorkizuna ez da "bihar", ordea. Etorkizuna irudikatzeko urrutirako ikusmira izan behar da eta epe luzerako estrategiak landu. Horretarako, herri estrategiak lan-tzeko, aurretiaz ikertu, esperimentatu, proposatu eta adostu beharra dago. Prozesu horiek guztiak barne-bilduko dituen plataforma bat eraiki, zeinak erabakiak hartuko dituzten administrazio publikoei etorkizuna asmatzen lagunduko dien. Eta Euskal Herrian, badugu zerbait, kanpotarrek "zortea" dei-tzen dutena, eta guk beharbada "herriarekiko konpromisoa" deituko genukeen hori. Herrigintzaren alde aritzeko bokazioa. Ez bokazio hutsala, baizik eta ezagu-tzan oinarritua. Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrenaren harira Baionan antolatu zuen kongresuan, Nahi dugun gizartea izenburupean, Jean Pierre Claveranne jaunak, Liongo unibertsitateko katedradun emeritua eta Auvergne Rhône Alpes-eko kontseilu ekonomiko eta sozialeko prospektiba saileko lehendakaria denak, argi adierazi zuen: "Herrialde aurreratuenek ere ez daukate zuek hemen daukazuena; gizarte zibila, aniztasunean bat eginik, bere herriaren etorkizunaren inguruan jakintzaz hausnartzeko eta proposamenak egituratzeko jantzita eta prest. Lan sare izugarria da hori, oinarri ezin sendoagoa".

Oinarri ezin sendoagoa, bada, Eusko Ikaskuntzarena, herri-estrategiako lantegia bailitzan, etorkizuna irudikatzea eta prestatzea duena xede, erakunde publikoekin, gizarte eragileekin eta herritarrekin lankidetzan.