DAKIZUENEZ, Jordi Cuixarti, eta beste preso katalanei, espetxetik kanpo bi egun emateko baimena eman zieten orain dela gutxi, eta batzuk hasi ziren pentsatzen nolabaiteko aldaketa zetorrela horrekin. Errealitateak, baina, gogorra da amets kontuetan. Jordi Cuixartek hiru eguneko baimena eskatu berri du baina Bartzelonako fiskaltzak ezetz esan dio (fiskaltzaren oniritzia ez zen bi eguneko baimenerako beharrezkoa, kartzelako tratamendu batzordearen txostenarekin nahikoa zen; bai, aldiz, hiru eguneko baimenerako). Fiskaltzaren papera irakurri dut: nekosoa da estiloagatik eta beldurgarria edukiagatik. Fiskaltzak dio Jordi Cuixart ez dela egindakoaz damutu, ez duela sedizio delitua onartu, ez duela onartu 2017ko irailaren 20an Ekonomia Sailaren aurrean gertatu zenaren izaera indarkeriazkoa, ez duela tratamendu berezirik oraindik egin, "berriro ere egingo dut" errepikatzen duela, ezarritako zigorraren helburua ere badela prebentzio orokor eta berezia, gizarte osoa eta delitugile bera larderiatzeko, horrela delitu berriak saihestuko direlakoan, eta, azken finean, Jordi Cuixartek distortsio kognitibo aldagaitza pairatzen duela (ez dut ezertxo ere asmatu).

Hau da (eta ondokoak bai direla nire hitzak) Jordi Cuixart ez dagoela burutik sano. Fiskaltzaren papera psikologo batek eginiko txostena ematen du behin baino gehiagotan. Gauza ez da berria. Disidentzia politikoa parametro psikiatrikoen laguntzaz aztertzea mendebaldeko pentsamenduak Gaizkiaren gaiarekin arazoak dituenetik arrunta da (jainkoarekin batera deabrua ere hil zitzaigun): Sobiet Batasunean disidente politikoak psikiatrikoetara eramaten hasi ziren; Alemaniak RAFekoekin (Baader eta Meinhof, besteak beste) egin zuena; delako gizarte bat gaixorik dagoela esaten denean (hemen badakigu horretaz). Guk nahi duguna egiten ez baduzu, gaixo zaude; ez dago arazo politikoak plazaratzen dituen ideologia politikorik, buru osasunarekin zerikusia duen "distortsio bat" baizik, "tratamendu berezi" baten bitartez sendatuko dena sendatzekotan. Cuixart eta independentziaren aldeko guztiak gaixo daude eta kito.