ARGI dago hura beste gauza bat izan zela. Aditu guztiak datoz bat. Alde batetik jendea akabatzeari teknologia industriala egokitu zitzaiolako, bestetik, bertan preso zeudenak gizaki izatearen arrastorik nimiñoenez gabetu zirelako, eta bestetik, "arraza" batekin bukatu nahi izan zelako. Literatura ugaria ekoitzi da, Primo Leviren Hura Gizona bazen, Jean Ameryren Gogoaren mugak: Auschwitzetik bizirik irtendak baten gogoetak eta errealitateak; Kerteszen Paturik gabe edo beste maila batean bertako esperientzian oinarriturik Giorgio Agamben filosofo italiar judutarrak sorturiko "bizia biluzia" kontzeptua edo Paul Celanen Herio Fuga poema izugarri hura.

Kontzentrazio eremuetan naziek judutarrez gain, beste "jende mota" bat ere atxilotu zuten. Egia da ez zeukatela haienganako hiltzeko har industriala, horrela dei badiezaiokegu Hitlerren judutarrekin akaba-tzeko nahiari, baina ijitoak, islamiarrak eta jende LGBTa ere bertan izan zituzten. Homosexualek Hiruki Arrosa eraman behar izaten zuten judutarrek izan horia eraman behar zuten bezala. Ez dut esango nonbait irakurri dudan bezala homosexualak eremuetako behekoenik zirenik, izan ere, goiko liburu horiek irakurrita musulman, halaxe deitzen zi-tzaien bizitzak abandonaturik bizirik segitzen zutenei, baina ez zebiltzan urruti.

Aliatuak kontzentrazio eremuak askatzera ailegatu zirenean, aste honetan ospatu duguna, ordea, hiruki arrosa zeramatzatenak ez zituzten besteak bezala askatu, askok beren kondenarekin jarrai-tzeko kartzelatara eraman zituzten, Nurembergeko epaiketetan ez zen preso homosexualekiko aipu bakarra ere izan, eta 1985 urtera arte ez zen onartu homosexualak ere eremuetan egon zirela, eta 2002 urtera arte luzetsi zen Alemaniako gobernua barkamena eskaera.

Aste honetan bertan, Valentzian, aipatu nahi ez dudan partidu horrek atzera bota du Holokaustoaren biktimen aldeko mozio bat bertan antisemitismoaz gain islamofobia, arrazismoa eta LGTBfobia aipatzen zirelako. LGBT borrokan han 1995 urte inguruan erabaki zen Hiruki Arrosa ikurra alde batera utzi behar zela biktimatasunari iskin eginik zerbait anitzagoa aukeratu behar zelako eta Ortzadarraren bandera aukeratu zen. Garai ilun hauetan Hiruki Arrosa faltesten hasi naiz.