BarkatukO didazue baina nahiko out nago honetatik guztietatik. Esan nahi dut, mundu honetatik. Azken asteetan bidaia luze batean murgilduta izan naiz, parerik ez duen lurralde deshabitatu batean: Antartidan. Hango parametroak oso ezberdinak dira. Bertako animaliak eguneroko borroka dute elikadura lortzea, beraientzat eta beren kumeentzat. Eta burrukan horretan, tartean, harrapariek akabatu nahi izango dituzte. Bizimodu latza da hangoa, bakan batzuek jasaten eta gainditzen dutena. Hango paisaiak miresgarriak dira, harrigarriak, edertasun handikoak, eta horiek guztiak buruko memoriaren apalategietan gorde ditut behin eta berriz gomutan hartzeko.

Baina bidaia guztiek amaiera izaten dute, eta egindako hori etxera heltzearekin eta lanean hastearekin diluitu egin dela sumatu dut. Baina ez ! Senperrenak egingo ditut hango irudiek nire burmuinean presentzia har dezaten, nahiz eta hemengo egunerokotasunak laborrizko albisteak ekarri.

Australian izandako suteek eta horiek suntsituriko lurraldeen egoera eta animalien hilketak samindu naute. Suntsipen eta sarraski neurrigabekoa gertatu da han. Penaz jasotzen ditugu handik datozen albisteak. Hori ikusita erraz pentsa daiteke geure mundua akabatzen ari garela.

Hemen ere antzean, baina harridura dosi handiagorekin. Handik heldu eta eliza katolikoak ezkongaiei laguntzeko bideratu nahi dituen ikastaroen gaineko datuak entzun nituen. Senargaiak eta ezkontza behar bezala prestatzeko ondu dute Familiaren eta Bizitzaren Defentsarako Azpibatzordeko sinestunek bi urteko ikastaroa hori, gertatzen diren dibortzio eta separazioak ekiditeko xedez. Tartean aholku estonagarriak zabaldu dituzte. Adibidez, gizonak sexu-harremanak izan nahi dituen egunetan (berak nahi ditu, noski!), zeregin gehiago hartu beharko du bere gain, hala nola, seme-alabak parkera eramatea, emakumeak siesta egin dezan, gero jo eta ke aritzeko. Besarkadak nolakoak izan behar diren, edota masturbazioak ekar dezakeen giza-kataklismoa ere barnebiltzen ditu ikastaro berezi horren materialak. Nahiko out daude, ezta? Antartida hotza da, esan dizuet?