NIK ez dakit gauza gehiegi legeei buruz, baina asko dakit, zuek bezainbeste, Espainiako Erresumako goi mailako epailetzari buruz, Epaitegi Gorena eta Epaitegi Konstituzionalaren politizazioari buruz, hala nola, Europa osoan harrigarria egiten zaien Audientzia Nazionalari buruz, zeina Francoren garaiko TOParen (Tribunal de Orden Publico) ondorengoa baita, bertako epaileak epaitua izateko eskubidea goitik behera urratzen duena.

Robin Sanchezen inbestiduraren espektakuluaren ilusioaren uharan pentsatu dut Gorenak atzera eginen zuela, eta Oriol Junqueras diputatu izan zen unetik sententzia ebatzi zuten arteko tarte hori aintzat harturik, Estrasburgoko Goi Epaitegiak ebatzi bezala, behin-behineko askatasunean utziko zutela eta Europako Parlamentuari suplikatorioa eskatzeko bidean jarriko zirela, baina, inuxentea ni, Gorenak erabaki du Junqueras kondenaturik dagoela eta jada ez dela parlamentaria, nahiz parlamentaria zenean (zeneko?) eskubideak urratu.

Elisa Beni epaitegi -eta lege- kazetariak dio hemendik aurrera Europako Parlamentuak, bere diputatu bat berme gabeko epaiketa batean kondenaturik duenez, ikusle izateari utzi eta parte bilakatuko dela, eta segur aski, parte den moduan bai Estrasburgoko Epaitegira zein Espainiako Gobernura zein Epaitegi Gorenera joko duela bere diputatuak epaiketa justua izan ote duen aztertzeko.

Ikustekoak gaude, ikustekoak gaudenez. Antonio Muñoz Molinaz, ez bakarrik, akordatu naiz urriaren 1aren karietarat adiskide alemaniar batek Espainia Francoland moduan izendatu eta El Pais-eko artikulu batean Espainiaren lustre demokratikoa zalantzan jartzen zelako erabat mindurik. Ez dut Trantsizioko intelektual organiko ez-nazionalista horien guztien kritika bakarra ere entzun gai honen inguruan, orain Robin Sanchez gobernatzera doakigula. Ez dakit Kataluniako arazo politikoa elkarrizketa bidez konpontzeko manifestu bat, presoen eskubideak bermatzeko aldarri bat, Europari artekaritza eskaera bat, espainiartasunaz harantz daudela adieraziko lukeen keinu bat, zerbait. Ez, berera daude, beren internazionaltasunaz seguru, nola egon baitzitekeen gerlari bat bere ezkutuaz Espartan edo Corinton.