ISTILU larriak dituzte Txilen egunotan. Zentzurik eta neurririk gabeak lirudikete lehen begiratu batean -metroko tarifen igoera txiki batek leherrarazi zituen-, baina txiletarrek bizi dituzten desberdintasunen ondorio dira funtsean. Klase ertain eta baxuko herritar asko baztertuta senti-tzen dira; milioika herritarrek hilaren azkenera iristeko arazoak dituzten bitartean, gobernuak ahaltsuenei zergak murriztu dizkie, inbertsioak erakarri eta ekonomiaren hazkundea sustatzeko argudiopean; enpresa handiak eta Txileko polizia federala ustelkeria kasuetan harrapatu dituzte; eta Piñera presidenteari isuna jarri diote, hainbat urtez oporretarako etxe baten zergak saihesteagatik.

Gazteak oldartu egin dira. Pinocheten diktadurarik ez dute ezagutu, baina egunero pairatu behar izaten dituzte hark errotutako desberdintasunak, bizioak, ustelkeria. Diktadorearen itzalak iluntzen du oraindik milioika txiletarren gogoa. Eskuin muturrak, bestalde, lotsa eta beldurrik gabe hauspotzen du haren izena, kaleko manifestaldietan zein hauteskundeetako ekitaldietan.

Francok ere badu nork hauspotu. Uxue Barkosen gobernuak egoki asko egin zuen Mola eta Sanjurjoren zerraldoen lekualdatzea, baina Sanchezenak ezin makurrago kudeatu du Patxi xaharraren desobiratzea. Faxistak, konstituzio aurreko banderak, militar golpistak, eguzkiak nondik jotzen duen ez dakien jendea besoa luzatu eta Cara al sol kantatzen?

Lazio futbol taldearen jarraitzaile zenbait Mussoliniri ohore eta gorazarre egiten aritu dira Glasgown. Hitler ere nonahi ohoratzen dute. Faxistak laineza hartuta dabiltza.