NIRE alabak Kantari izeneko ekimenean parte hartuko du aurten. Bere lagunekin abesti bat eta dantza bat prestatu behar du gero jendaurrean antzezteko. Eta egunotan Kantari gora eta Kantari behera dabil, ilusioz betea baina aldi berean arduratuta, dena ondo ateratzea ezinbestekoa baita bere-tzat. Eta Kantariz hitz egiten ari zaidala, halako batean noizbehinka botatzen dituen esaldi/senten-tzia horietako bat jaurti dit: ama, guztia da erritmoa; erritmorik gabe ez dago ezer.

Arrazoia duela pentsatu dut eta haren hitzek beste batzuk gogorarazi dizkidate. Aurreko egunean Bernardo Atxagak bere nobela berriaren aurkezpenean esan zituenak. Atxagaren hitzetan, idazterakoan, aldez aurretik duen helburu nagusietako bat “mugimenduarekin mugimendua egitea” da. Honela azaldu zuen: “Garai batean esaten zen izarrak ez zirela aldatzen, finko zeudela zeruan, itsatsita bezala. Egun bistakoa da mugimendua leku guztietan dagoela, ez dagoela leku etereorik, eta baldin badago leku bat batere etereoa ez dena, hori gure burua dela”. Hori biltzea da idazlearen erronka handi eta interesgarriena Atxagaren ustez: “Errealitatearen mugimendu ahalik eta gehien jasotzea, ahalik eta zuzenen; noski, mugimendua duen testu batekin”.

Aristotelesen hitzetan, mugimendua da ahalmenetik ekintzara pasatzea. Eta horixe bera da edozein ekimeni, enpresari, planifikazioari, artelanari, kanpainari, egitasmori? falta ezin zaiona bizitzarekin bat etorri nahi badu: mugimendua. Etengabeko berrikuntza, aurrerapausoa, azal aldaketa? Bizitzaren argazki finko bat nahi izaten dugu batzuetan, segurtasunaren bila, etengabeko aldaketak urduritu egiten gaituelako. Baina dena doa aldatzen une oro, etengabe ari gara olatu berri baten gainean surf eginez, gu ere aldatzen goaz egunez egun. Ez dago argazki finkorik, argazkiek ere mugimendua dute. Dena baita erritmoa. Erritmorik gabe ez baitago ezer, eta ez bakarrik abesteko edo dantzatzeko orduan.