URrikO udazkena berezia da alde guztietatik. Euskal Herriko txoko askotan okrearen polikromia zabaltzen da basoetan eta mendietan. Ilunabarrek lukiaren buztanaren kolorea hartzen dute. Abagune intentsua gozatzen dugu basoetako bideetan barna abia-tzen garenean. Asfixiatzen gaituen egunerokotasunetik alde egiteko lipar bitxia izaten da hori, espazio aratz horrek eskaintzen diguna. Baina errealitateak berunezko zerua jartzen du beti geure buruaren gainean, zementuzko zapatak janzten dizkigu, eta han-hemenka agitzen diren istorio lazgarriek kontrol barik sumintzen gaituzte berriz.

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferenduma bultzatzeagatik bertako bederatzi politikari (demokratikoki aukeratuak) epaitu eta kondenatu berri ditu zigor handiekin. Lotsagarrizko kondenak ezarri dizkio estamentu horrek bestelako harreman politikoa bilatu nahi duen herritar orori. Katalunian zein Euskal Herrian. Desobedien-tzia, eta ideologia ezberdinak kondenatu nahi izan ditu horrela.

Herriak erantzun du, betiko moduan, era baketsuan. Historikoak izan dira askatasunaren aldeko martxa jendetsuak, Europan gutxitan izan direnak. Gaueko orduak, ostera, biolentziaren apologia egin nahi izan dutenen garaia izan da. Hor, beste helburu batzuk azaltzen dira. Egoera ilundu eta katastrofe gisan erakutsi nahi izan dute hedabide askok, herrialde horri, lintxamendu mediatikoaren bidez, ahalik eta min gehien egin nahian.

Egun grisak izan dira horiek, gaueroko irudi berdintsuekin, polizi beltzaren neurriz kanpoko ekintza denigranteekin, askatasuna eska-tzen duen herriaren kontrako eraso bortitzekin. Betiko lez, zaurituak eta atxilotuak izan dira. Pedro Sanchez sasi-presidenteak esperpentoa erakutsi du: poliziak bisitatu ditu eta ez da Torra Kataluniako presidentearekin batu nahi izan. Erdogan horri eskua ematen dio, Siriara armak bidaltzen ditu, eta mediterraneoko herrialde horretako mandatariarekin ez du bildu nahi izan, eta bide errepresiboari eutsi dio.

Espainian ez dago udazkenik, eta dena gris bilakatu nahi dute.