Zirrikituetatik begira

Batzuen eskubideak

09.02.2020 | 19:43
Columnista ana urkiza

aldarrikapenez, elkarretaratzez eta manifestaldiz betetako asteburua izan da iragan berri duguna. Komunikabideek Katalunia izan dute, batez ere, iparburu. Brexit-a bigarren maila batean. Eta kexua, egonezina eta eskubideen urraketaren aurrean protesta izan dira agertutako jarrerak. Hala ere, euskalgintzak Nafarroako gobernuari hizkuntza eskubideak bermatzeko ausardia eskatzeaz gain, harritu nauen albistea EAEko Ahal Dugu alderdiak jakitera emandako Euskara Plana da, edo beste era batera esanda, kargu publikoek euskara jakitea helburu gisa jarri izana.

Euskaltzaleok urteak eta urteak daramatzagu kargu publikoen arduraz hitz egiten. Kargu publikoek, Euskal Herrian arituko badira, euskaraz jakin behar dutela eta beraien komunikazioak euskaraz egin behar dituztela eskatzen. Katalunia zerbaiten erreferente badugu, horretan "ere" ba dugu. Haiek, katalanez mintzo dira. Eta ez aurrean kamera edo mikroa jarri dietelako. Katalanez bizi direlako baizik.

Ez gara etxearen teilatuak nolakoa izan behar duen esaten hasiko. Badago, bestela ere, lanik. Baina Ahal Dugu alderdiak hartutako neurria, eta hasteko eta behin, ezarritako helburuak eta datozen hiru urteotarako proposatutako plana, oinarri gisa, txalogarria da. Begi bistan dugun hauteskunde kanpainarako baliatutako trikimailu hutsa ez izatea espero dut. Eta horregatik ausartzen, hizkuntza herri honen ardatz nagusietako bat dela konturatu ez diren alderdiei, tankera bereko erabakiak hartzeko eta beraien konpromisoa era honetan erakusteko eskabidea egiten.

Ahal Dugu alderdiak zera esan omen du: euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza dela, eta balioak, ideiak eta sentimenduak transmiti-tzen dituela. Ez dakit horrela formulatuko nukeen. Definizio apala iruditu zait. Neurtua. Herria honetan ohi bezala. Katuari ezin txintxarririk jarri. Baina bego. Bagoaz. Pixkanaka. Normaltzat hartzen. Gatazkarako bide gisa ikustetik, eskubideen eremuan jartzen herri honek bere hizkuntzan jarduteko duen eskubidea. Amen, bada, bide horretan politikariek egiten duten urrats bakoitza. Gure eskubidea, beraien betebeharra baita.

noticias de deia