ZAIN nengoen, beste asko bezala, astelehenean zer gertatuko. Bidegabeko sententzia bat espero nuen, eta neurriz kanpoko sententzia injustu bat heldu zen epaitegi gorenetik. Honen aurretik, astebete lehenago, lagun katalan batekin bazkaldu nuen. Hango egoeraz hitz egin genuen, gaindituta ikusi nuen, etsita, itxaropen gutxi haren begietan. Eta behin eta berriz galdetu zidan hemengo jendeaz. Nola ari ginen bizitzen Kataluinan gertatzen ari den guztia. Oso gertutik jarraitzen ari garela esan nion, jakinmin eta min handiz aldi berean. Gure arazoa ere badela eurena. Hala esan nion, eta berak erantzun zidan espero zuela, imajinatzen zuela. Nola ez genuen ba hain gertutik jarraituko kontuan izanda herri honen historia, borroka?

Kataluinako lagunen batekin gure herrien subiranotasunaz eta erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dudanean beti sortzen da gure artean halako anaitasun/ahizpatasun moduko bat, harreman berezi bat. Eta askotan sentitu dut begiratzen gaituztela miresmenez bezala. “Zuek ondo dakizue...” eta halakoak esanez, gu gatazkan esperientzia handikoak garela argudiatuz bezala. Eta ingurura begiratzen dut, eta iruditzen zait, bai, gure herria badagoela, nola ez da egongo bada, kezkatuta Kataluinan gertatzen ari denaz, eta hortaz hitz egiten dugu, eta adierazpenak sinatzen ditugu, eta abar. Baina gero, irakurtzen dut astelehenean bertan, zenbait katek Kataluinan gertatzen ari zena emititzen ibili baziren ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egun horretan programa ikusiena Sálvame banana izan zela. Audientziaren %26,8a egon omen zen banana ditxosoari begira, zenbait hiritarrek erreferendum bat antolatzeagatik hamar urtetatik gorako zigorrak jaso zituzten egun berean, mobilizazio ugari egin ziren egun berean, mutil batek protestetan begi bat galdu zuen egun berean... Nire lagun katalanak gaur deitu dit berriz, hango egoeraren berri emanez. Ez dit galdetu hemengo jendearen erreakzioaz. Nik, hala ere, prestatuta neukan erantzuna: Oso gertutik jarraitzen ari garela, jakinmin eta min handiz aldi berean. Gure arazoa ere badela eurena.