Igorren egun berezia izan da, Korrika herritik igaro denean. Goizetik bertatik giro aparta sortu da kaleetan, herritarrak ilusioz eta emozioz beterik atera baitira euskararen aldeko ekimen hau babestera. Igorre euskalduna da, eta hala erakutsi dute beste behin ere Korrikan buru belarri aritu diren herritar eta eragileek.

Korrika ez da soilik lasterketa bat; euskararen aldeko aldarria da, belaunaldi desberdinak batzen dituena. Igorren, haurrek, gazteek eta helduek elkarrekin parte hartu dute, lekukoa eskuz esku pasatuz eta euskararen aldeko konpromisoa adieraziz.

Korrika, zuzenean

Musika, irribarreak eta animo oihuak nagusi izan dira bidean zehar. Egun honek argi erakutsi du Igorre bezalako herriek euskararen biziraupenean eta sustapenean duten garrantzia. Euskararen aldeko lasterketa lekukoa kilometroz kilometro eta eskuz esku igaro da goizeko 9:15ak pasata, eta Lemoa zeharkatu ondoren heldu da Igorrera.

Olabarri zubian zain egon da ordutik Anet Aurrekoetxea, lau urte besterik ez dituen neskatila, eta bera izan da AMPAk eta Inazio Zubizarreta eskolak erositako kilometroko lekukoa hartzeko zorteduna. “Korrikako kamioiaren aurretik joango naiz!”, esan du ilusioz beterik, une berezi horretarako ondo prestatuta, izan ere “egun hauetan etxean entrenatzen ibili naiz”, esan du txikiak.

Igorreko Udalak ere bete-betean egin du bat ekimenarekin, bi kilometro erosita. Une horretan bertan izan dira Olatz Urkiza alkatea, udaleko zinegotziak eta, nola ez, Anton Zuluaga kirol zinegotzia, herriko kirol eta kultura taldeekin lotura estua duen pertsona izanik lekukoa eramateko arduraduna. Korrika aurrera joan da, baina utzitako aztarna sakona izango da. Igorrek berriz ere erakutsi du euskararekiko maitasuna eta indarra bizirik daudela.

Arratia euskararen alde

Herrigunea utzita, Korrika Areatzatik eta Zeanuritik igaro da, eta Barazarko mendatetik Gasteizera bidea hartu du. Ibilbideko puntu horretan CD Arratia futbol taldeko ordezkariak zain egon dira, “euskararen alde, baita beste ekimen batzuetan ere, hala nola Euskaraldian edo Inbiu erronkan”, adierazi du Pedro José Ormazabal presidenteak. Taldearen izenean, lehen taldeko emakumezkoen kapitain Nerea Beitiak eta gizonezkoen lehen taldeko jokalari Ekain Garaizak hartu dute lekukoa, “kirolean berdintasunaren alde ere egiten dugulako”.

Barazarko mendatean ere izan dira Arantzarte Dantza Taldeko kideak, eta azaldu dutenez, “edizio guztietan egoten gara, eguna edo ordua edozein dela ere”, izan ere Igorre eta Arratia eskualdea “Korrikan eta euskararekin lotutako ekimen guztietan aktiboki parte hartzen duen eskualdea da”.