EZKERREKO hankarekin, enbragea zapaldu. Eskubiko eskuarekin, lehen martxa sartu. Eskubiko hankarekin, azeleragailua zapaldu. Ezkerreko hankarekin, enbragea zapaldu berriz. Eskubiko eskuarekin, bigarren martxa sartu. Gidatzeko baimena atera zenuenean, gidatzen hasi zinen lehen asteetan, barne ahots bat entzuten zenuen une oro, besoekin eta eskuekin zer egin behar zenuen esanez. Jada pasatu dira urte ba-tzuk karneta duzunetik, eta autoan zoazenean ez duzu ahots hori entzuten. Pentsatu gabe egiten dituzu mugimendu guztiak. Zure hanka eta eskuek bizitza propioa balute bezala funtziona-tzen dute. Ez diezu, kontzienteki behintzat, agindurik eman behar gauza bat edo bestea egiteko.

Egunero egiten dugun jarduera bat gure subkontzientera pasa-tzen denean hori gertatzen da. Hamaika aldiz esan zizun zure amak bazkaltzeko orduan ez duzula burua platerera gerturatu behar, koilara gerturatu behar duzula ahora. Urtetan zeure burua behartu behar izan zenuen horrela egitera, kontzienteki. Gaur egun, pentsatu gabe egiten duzu.

Eta pentsatu duzu agian kontzientetik subkontzientera doan bidaia hau dela gizartea eraldatzeko dugun tresna eraginkorrenetako bat. Pertsonen ohiturak eta jarrerak eraldatzeko eman beharreko pauso inportante bat. Egunero jasotzen ditugu hainbat mezu ohitura osasungarriak edukitzearen alde, kontsumo arduratsuaren alde, planetaren biziraupena bermatzeko ohituren alde, emakume eta gizonen berdintasunaren alde, gure hizkuntzaren alde edo gure gizartean aliantzen kultura zabaltzeko beharraren alde, besteak beste. Baina mezu hauek guztiak ez dira eraginkorrak izango ez badira gure subkontzientean sartzen, ez badute bidaia hori egiten. Hor dago erronka nagusiena: pentsatu gabe egiten ditugun eguneroko ekintzekin balore guzti hauek bultzatzea. Gizarte hobe baterantz gidatzea lortzea pentsatu gabe zer egin behar dugun ezkerreko hankarekin edo eskuineko eskuarekin. Inertziaz egitea, gure subkon-tzientea jada konbentzitu dugulako hala izan behar dela.