GABRIEL Aresti poeta eta gizon handia, bere azken urteetan, ezagu-tzeko beta izan nuen eta ia etxeko harremanez gainera. Ni haren etxean eta hura nirean sarri izan ginan, mahai bueltan bai lan solasaldi edota afal ondorengoak luze irauten ziguten. Inoiz baino gehiagotan erabili izan dut maisutzat, harengandik nahi edo behar haina ez dudala ikasi uste dudan arren. Behin eta berriz aipatu dut ba dela gai bat besteen gainetik nostalgia puntu batekin erabili ohi dudana edo, hobe, jarrera horrekin, nostalgiarekin aipatzen zuena Gabrielek, hauteskundeena. Nostalgia diot, bere aitak esana, goraipatzen ziolako ederra zela hautestontzietara zure iritzia sartu ahal izatea. 1933ean jaioa, ez zuen beraz (aitak bai) Espainiako II Errepublika garaian bozkatzeko abagunerik izan eta aukera hori izateko (eta beste askotarako) Franco noiz hilko zenaren zain zegoen baina Aresti bera zendu zen 40 urtez zapaldu gintuen diktadorearen aurretik. Sei hilabete eta 15 egun lehenago, hain zuzen.

Facebook-en eta hainbat saretan “Bozkatu nahi zenuten, gogaituko zarete” Franco tiranoaren ahoan jarrita hedatu dute, azken hilabetetako elkar hizketa, gezur, sasi promes eta abar bizi ondoren, azaroaren 10erako hitzordu berria egin digutenean Arestiren irudia etorri zait gogora. Marka guztiak gaindi-tzeko bidea daramagulako ildo horretan, laugarrenez Pedro Sanchez jauna gobernua osatu nahian eta enegarrenez aurre kontuak eta beste egiturak zentsuz, ganoraz eta tajuz eratzeko.

Irriz eta barrez entzun dut irratiz ea aurrekoetan eman ziren emai-tza berberak emango balira -normalena litzateke- zer espero behar dugun azaroaren 11tik gerora. Irri eta barrez eskuartean dugun gaia serio samarra izan arren. Barregarri ez ezik auzo lotsa ematen duelako azken hiru hilabetetako Madrileko joan etorriak. Madrilekoak, amaitu ondoren Mendia andreak negoziazio porrotaren errua EAJri jaurti badio ere. Agian, barrenera begiratzea komeni zaizu Idoia. Tartean, hitzak bereak ez baziren ere ¡Votad malditos, votad! Gogaituko zarete! Francok esana.