AHAZTEKO gogoratzen dugu. Oximoron bat ematen du, baina, egin horretarako egiten dugu. Hilartitzak jar-tzen ditugu hilobietan hildakoez ahantzi eta bizitzen jarraitzeko, estatuak eraikitzen ditugu herri eta hirietan bataila hura gogoratu, sortu zigun trauma hura ahaztuta bizi ahal izateko. Arazoa sortzen da ez dugunean gogoratu nahi eta, orduan, ezin ahaztu dugu traumak sortutakoa, hildakoek, biktimek, hiltzaileek, sufrikarioak, fantasmek bezala bizi gaituzte.

Arnold Schwarzenegger 2014an Espainiara bisitan etorri zenenean Valle de los Caidosera joan zen bisitan, eta La Sextako berriemaileak barre eskandaluzkoaz eman zuen albistea, errua aktorearena balitz bezala, erreparatu gabe hark ezin duela erabaki Espainiako Erresuman bizi garenok erabaki ezin izan duguna, alegia, Guda Zibilean eta Frankismoan gertaturikoa gogoratu, eta gogoratu ondoren ahaztu. Nazio Batuak desenkusatu egin dira Espainiako Gobernuaren aurrean Gernika koadroa “Errepublikaren aldekoek egindako triskantzen aurreko protesta artistiko” moduan definitzen dutela beren web-en.

Akatsak akats, ordea, Espainiako Estatuak Franko hil ondoren ezpondetako gorpuak bilatu eta duintasunez ehortzi eta historiaren bertsio bat adostu izan balu, Nazio Batuetako funtzionarioak ez zuen akats larri hori egingo, Schwarzeneggerrek Frankismoaren hilobia bisitatuko ez zuen bezala. Atzerritarrek ezin dute Espainiako Estatuari dagokion lana, alegia, gogoratu, itxi, ahaztu eta ahanzturaren bidez bizi-tzen jarraitu (Gernika herriak egin du pedagogia eta dolu lan hori baina udal batek ez du nahikoa botere estatu oso baten gainean eragiteko).

Estatuko erakunde eta populazioaren ehuneko handi bati normala iruditzen zaio Timoteo Mendietaren hondakinen identifikazio lanetarako dirua Elogit elektrizisten sindikatu norvegiarrak eta Oroimen Historikoaren Berreskuratzeko erakunde pribatuak pagatu izana. Edo guda eta ondorengo errepresioan hildakoenganako justizia ezartzeko Argentinako epaitegi batera jo beharra, Espainian 1977ko Amnistia dela eta ezin baita halako auzirik ireki. Amnistia, ahanzturarik gabeko gogoratze hotza. Goian bego!