Zirrikituetatik begira

Harritu naiz

09.02.2020 | 14:24
columnista juanra madariaga

HARRIDURA etengabea da. Begiak gero eta zabalagoak izaten ditut, eta apenas ixten ditut. Ezin dut ez ikusiarena egin, irudiak hain dira lazgarriak! Behin eta berriz, mila hitzek baino gehiago adierazten duten imajinak ikusten ditugu, eta soberan daude hitzok; batzuetan, gainera, ez ditugu egokienak bila-tzen ausartzen, eta ez dugu mezu egokia erdiesten.

Harritu naiz Nafarroa Beherean erasoak eta hilak izan diren ardien gorpuak, Baionako suprefetura ai-tzinean, kaleetan botata ikusi ditudanean. Haraino eraman dituzte zonalde hartako artzainek, kezkaturik, tristaturik. Arazoa hor dago, hor dirau. Basapizti eta laborarien animalien artekoa nekez bideratuko da elkarbizitza bideratzen ez den bitartean. Pizti batek, hartzak akaso, ardi asko akabatu zituen, eta besteak, beldurrak jota, ihesean dira, erabat galdurik. Artzainak kexu dira, euren lanbidea gero eta zailago bilakatzen ari baita, galera handiekin, arazo eta konfrontazio anitzekin, eta arrazoia ez zaie falta.

Harritu naiz, asfalto gainean, hilik, artilezko azalarekin, eder, baina era groteskoan erakutsiak.

Harritu naiz "Culinary" hitza toki guztietan ikusten dudalako. Gastronomia da gure gai printzipala eta unibertsala. Eta harritzenago nago telebistetako jakien gaineko saio zinez aspergarri horietatik landa, Donostiako Zinemaldiaren baitan Culinary Zinema saila antolatu dutelako. Filmak eta afariak batuko dituzte, dena gastronomiaren apologia egiteko. Jatekoak seduzitzeko eginak direnean eta horrenbesteko garrantzia hartzen dutenean, handi-mandikeria puntua antzematen dut hor, eta handi-mandikeria ez dut gustuko. Agian ez dator bat honakoa hemen esatea, baina burura etortzen zait munduko gosea gero eta handiagoa dela, urtez urte handitu egiten dela tasa hori. 800 milioi pertsonak ez du egunero ondo jaten, eta arrazoi berberagatik jende elemenia hiltzen da egunero. Harritu naiz.

Azkenik, ez naiz batere harritu alderdi korruptoko Esperanza Aguirre eta Cristina Cifuentes inputatuko dituztela irakurri dudanean. Itxurazalearen estereotipoko eredu bikainak dira, PPko guztien moduan.

noticias de deia