bITAN entzun nuen pasa den igande eguerdiko albistegietan surrealista hitza G7ko bileraren berri ematen zuten kazetarien ahotan. Lehendabizikoak, ausarta benetan, surrealista adjektiboa erabili zuen Lehen Andreek izan zuten eguna kalifikatzeko, badakizue, Ezpeletako piperrak eta pelotariak, espartinak eta abesbatza, Arnaga eta Kanbo, sartu zirela denda batera, jendeak poz-pozik “thank you” esaten ziela oihuka kalean eta hori guztia. Bigarrenak, ausarta ere bai, gehiegikeriatzat hasieran eta gero surrealistatzat jo zituen poliziek buruturiko kontrolak, atxiloketak eta interbentzioak. Hedabide gehienetan antzeman dudan G7ko bileraren goraipatze orokorrean, ustezko neutralitatea goraipatze modu bat ere bada, ur freskoa zerion kazetari horiek ireki zuten zirrikutu txikiari.

Hiztegiak dakar (Euskaltzaindia, bai) surrealista hitzaren bigarren adiera dela “zentzugabea edo bitxia izanik, surrealisten lanak gogoratzen dituena”. Egia esan, G7ko bileraren inguruan dena izan da zentzugabea eta bitxia, baina nire ustez baita zerbait gehiago ere. Surrealismo hitza orain dela ehun urte sortu zen, 1917an erabili zen lehen aldiz, baina Miarritzen ikusi duguna askoz zaharragoa da: agintariak gotorlekuan biltzen dira, edo gotorleku bihurtutako tokian, eta herri xeheak bufoiarena egiten du agintari horiek eta emazteak dibertitzeko: dantza egiteko baimena ematen zaigu, emakumeen soinekoez hitz egitekoa, baina kontrolpean edo urrun, kale eta hondartzetatik kanpo, ezer ez zikintzeko, herri xehearen izerdi usaina arriskutsua izan daiteke. Surrealista hitzaren ordez “Erdi Aroko” erabili beharko genuke beharbada, zehatzagoa da egoera deskribatzeko.

Kritika ez dago guztiz debekaturik (mesedez, demokrazia batean gaude), baina mota guztietako zailtasunak jartzen dira ezinezko egiteko edo, bestela, barregarri uzteko joera dago edo, zuzenean, mespretxatzekoa (ezkerreko horiek antolatzen dituzten sasigailurrak). Tarteko agintaritxoak horretarako daude.

Surrealista eta Erdi Aroko, etorkizuna ez da samurra.