SARE asozialetatik iritsi zi-tzaidan kontua lehendabiziko aldiz orain dela egun pare bat eta, sare horiekiko dudan mesfidantza gero eta handiagoa denez (albiste faltsuak eta manipulazioak biderkartzen diren heinean, behintzat), hasieran ez nuen gehiegi sinetsi nahi, bitxiegi-tzat jo bainuen. Bigarren aldiz agertu zitzaidanean, aitzitik, arreta gehiago jarri nuen, iturrietara joan eta egiaztaturik geratu zen: bai, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkari Jesús Loza jaunak uste du ETA berriz ager daitekeela, ernaberritu, ez epe laburrera (gai-tzerdi!) baina bai epe ertainera. Egunkariek dakartena hainbat aldiz irakurri dut nire neuronen ulermen mailarako erronka itzela izan baita Lozarena: badirudi ongi-etorri ditxosozkoetan dagoela profeziaren jatorria, eta gazteen ustezko gorrotoan (adinekoak libre omen gaude).

Espainiako Gobernuak EAErako izendatzen dituen ordezakariak beti dira apur bat, nola esan, bereziak: batzuek banderekiko neurosi oso handiak garatu zituzten, esate baterako. Jesús Lozaren izendapena begi onez agurtu zuten ba-tzuek, ordezkari popularren ostean ordezkari sozialista bat berritasuna zen, behintzat. Bizar zuri horrek, gainera, gizon onaren irudia ematen dio Loza jaunari, Gabonetan Bizarzuriarena egin dezakeen gizon zintzoarena (argi gera dadila ez dudala zalantzan jartzen bere ibilbidea). Niri, aldiz, gizona ez zitzaidan inoiz fidagarria iruditu; aitortu behar dizuet bizar zuria duten gizonak ez ditudala gogoko (nik ere nire neurosiak ditut), eta on-puxkak ematen dutenekin zuhur jokatzeko ohitura dudala.

Zergatik Lozaren adierazpen horiek? Neurosi berri bat garatzen ari da gizona karguan? Psikoanalisiarekin jarraituz, ETA barik malenkonia agertu da? Hauteskunde usaina dagoenean horrelako adierazpen estrabaganteak egin behar dira egunkarietan orrialde gehiago betetzeko? Udan aspertuago gaude edo garuna egosiegia dugu?

Utzi itxaropen guztiak: ETA ez da bueltatuko. Iraganean dago. Ahantzi behar ez dugun iraganean, jakina. Inork ez du etorkizunean ikusi nahi, Cid Campeador hura bezala, hil eta gero batzuek erabili nahi badute ere.